SOS Antxustegi plataformako kideek auzi eskea aurkeztu dute Euskadiko Administrazio Auzitegian. Plataformako kideek nabarmendu dutenez, atunontzia salbatzeko
bide hori hartzera behartuta daude, nahitaez.
Auzi eskeari dagokionez,
Antxustegi atunontzia kultur ondare modura izendatzeko eskatu dute antxustegitarrek. Martxoaren 15ean Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordeak antxustegitarrek egindako eskariari ezetza eman zion, eta horri helegitea jartzea erabaki dute.
Antxustegitarrak Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, auzi eskaria eskuetan
Antxustegitarrek argi utzi nahi dute ahalegin horien guztien atzean ez dagoela interes ekonomikorik, “
ontzia bizirik mantentzea nahi dugu, beste barik”. Lau urte daramatzate ontzia salbatzeko ahaleginetan, eta beharrezkoa baldin bada, berau salbatzeko eman beharreko urrats guztiak agortuko dituztela azpimarratu dute.
Balio historiko handia
Antxustegi Euskal Herriko egurrezko atunontzirik zaharrena da. Bere garaian, karnata bizirik mantentzeko edukiontziak txertatuta eraiki zen lehen ontzia izan zen Ondarroan. Eta itsasoan ibili zen urte luzeetan ez zioten bere egituran aldaketarik egin. Antxustegitarren iritziz, ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta ontzia kultur ondare izendatu beharko litzateke.
Hainbat adituren txostenek ziurtatu dutenaren arabera, gainera,
Antxustegi ontziak balio historiko eta ondare balio handia dauka. Baieztapen hori egin dutenen artean daude Apraiz historialaria, Xabier Agote eta Albaola fundazioa.