Martin Rodrigo eta Alharilla idazle kataluiniarrak, argitaratu berri duen
Los Goytisolo. Una prospera familia de indianos liburua aurkeztu du gaur goizean [azaroak 19], Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Agustin Goitisolo Lezarzaburu arotz lekeitiarra eta haren sendia dira Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak idatzitako liburuaren protagonistak.
IƱaki Goiogana historiagile lekeitiarrak eman dio ekitaldiari hasiera, aurkezpenak egin eta aurkezle biei eskerrak emanez. Izan ere,
Jon Ander Ramos Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak lagundu dio aurkezpenean Martin Rodrigori. Irakasle biak, bata Pompeu Fabrakoa eta bestea EHUkoa, emigrazioaren gaian adituak direla zehaztu du Goioganak.
Liburuaren nondik norakoak azaltzeko, bederatzi kapituluei buruzko xehetasunak eman ditu Ramosek, eta
Los Goytisolo historia liburu bat izateagaz gainera, emigrazio prozesua ezagutzeko gidaliburu bat ere badela azpimarratu du. “Ikerketa sendoa egin du Martin Rodrigok 13 artxibategitan. 80 erreferentzi bibliografiko eta familiaren arteko gutunak ere erabili ditu sendi honen eta garai baten hurbilketa egiteko”, adierazi du.
Martin Rodrigo eta Alharilla liburuaren egilea eta Jon Ander Ramos EHUko irakaslea, gaur goizeko aurkezpenean.
Historia. Agustin Goitisolo arotz gazteak kubara emigratu zuen etorkizun hobeago baten bila, eta bertan dirutza eginda, penintsulara itzuli eta Bartzelonan bizi izan zen, Kataluiniako familia handietako bat izan zelarik.
Agustin Goitisolok 1833an emigratu zuen Cubara. Hasiera batean, bere bizilekua, Trinidad udalerrian kokatu bazuen ere, Cienfuegosera lekualdatu zen gero. Herri horretan egin zuen dirutza lekeitiarrak. Ramosek azaldu duenez, “azukre findegien bidez eta esklaboen beharragaz baliatuz”.
Cuban, herritarren atsekabea eta altxaldiak sortzen hasten direnean penintsulara itzultzea erabakitzen du, eta Bartzelonan (Herrialde Katalanak) jarraituko du bere bizimodua, inbertsio berriak eginez. “Bartzekonako eraikuntza eremuetan partzelak erosten ditu”.
1886 urtean hil zen Agustin Goitisolo, bere ondasunen gainbehera hasiz.
Pertsonaia interesgarria. Indiano horren bizimodua liburu batera eramatearen arrazoia haren birbiloba baten hitzak izan zirela aitortu du Martin Rodrigok.
“Pertsonaia honen hiru birbiloba, hiru idazle ezagun dira: Juan, Luis eta Jose Agustin Goytisolo Gay. Juan Goytisolok, Cervantes saria orain dela urte batzuk, bere obra batean azaltzen du, indiano familia bati buruz idazteko interesa izan zezakeen historialari bati lagun ziezaioketen gutunak gordeta dituela bere familiak, eta artxibo hori aurkitzen ahalegindu nintzen”.
Rodrigok esan duenez, artibo hori Cadizen (Espainia) dago gaur egun, eta bertara bisita bat egin zuen. Gero, Cubako artxiboetan eta Lekeition ere egon zen.
“Liburuaren
eszenatokiak, beraz, hiru dira: Lekeitio, Cuba eta Bartzelona”. Lekeitio da hiruretatik lehenengoa eta deskribatzea kostatu egin zaiola aitatu du. Izan ere, familiako anai-arreben abizenak ez zuten bat egiten eta laguntzagaz ulertu zuen Agustin Goitisoloren amak hiri gizonezko ezberdinekin eduki zituela. “Batzuk izen eta abizen baztuekin bateatu zituzten eta gero izen abizenak aldatu zituzten. Agustin Goytisolo bera Jose Luis Lezarzaburu Garamendi bezala bateatu zuten, amaren abizenekin. Gero aitak onartu eta bere abizenak hartu zituen”.
Goitisoloren kasua ez dela bakarra aditzera eman du Rodrigok. “Hiru pertsonaia badaude inguru honetan, bi lekeitiokoak eta bat Mendexakoa atzerrira emigratu eta dirutza eginda itzuli direnak”. Pedro Nicolas de Txopitea eta Uribarren aitatu ditu, besteak beste. “Horrelako herri txiki batek abersatasun handiko horrenbeste pertsonaia ezagun ematea ez da ohikoa izaten”, azpimarratu du.