Lekeitioko Udala San Andres auzoa berriztatzeko pausoak ematen hasi da
Lekeitioko Udala San Andres auzoa biziberritzeko lehen pausoak ematen hasi da. Auzoak, arazo handienen artean, iriste erraztasun falta, inguruarekiko konexio traketsa eta urbanizazio zaharkitua dituela esan dute, eta udalak horiek konpontzeko konpromisoa hartu du.
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza ere izango dute egitasmoa aurrera eramateko. Laguntza horren bidez, auzoaren ikerketa soziourbanistikoa egingo dute, eta dokumentu horren helburua, San Andres auzoa Lehentasunezko Eskuhartze Gunea izendatzea dela azaldu du udalak. “Izendapen horri esker, bai udalak, bai eta auzokideek ere obrak egiteko diru laguntza gehiago jaso ahalko dituzte: udalak urbanizazio lanak egiteko orduan, eta auzokoek beraien eraikinetako irisgarritasun eta eraginkortasun energetikoaren aldeko hobekuntzak egiteko orduan”.
Udala eta auzokideak joan den barikuan [azaroak 18] batzartu ziren. “Batzar horren helburua udalaren asmoak azaltzea eta auzokideei beraien elkarlana eskatzea izan zen, proiektua zehaztu eta garatzekoan”.
Aldi berean, auzoko erabilera publikoko lurrak udalaren esku uztea ere eskatu zieten. ” Datorren urtean egitea espero den urbanizazio proiektuaren arabera egingo diren lanak gauzatu ahal izateko”.
San Andres auzoa, Itsas Gizarte Institutuak (ISM) Lekeitioko Kofradiarekin batera bultzatutako proiektua izan zen. Arrantzaleen familientzako 60ko hamarkadan eraikitako auzo hori bost eraikinetan banatzen diren 76 etxebizitzak osatzen dute.