Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Ondarroako Udalak bilera egin dute gaur [azaroak 30]. Eta bilera horretan aurrerapausoak eman dituztela jakitera eman dute Ondarroako Udal ordezkariek. Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak apirilean agindutako miloia urte bukaera orduko emango duela esan du. Eusko Jaurlaritzak, ostera, urtarrilean udalari laguntza ekonomikoa emango diola esan du. Dena dela, ez dute zehaztu laguntza hori zenbatekoa izango den.
Bestalde, Ondarroako Udalak aste honetako osoko bilkuran Kamiñaldeko lanak ordaintzeko beste miloi eta erdi euro bideratzea onartu du. “Hirigintza arloan egiteke genituen hainbat proiektu bertan behera laga behar izan ditugu diru hori Kamiñadeko lanetara bideratu ahal izateko”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Udalaren egoera ekonomikoa “itogarria” bihurtzen ari dela ere azaldu du, baina lanak gelditzeko beldur direla-eta Kamiñaldeko lanetara diru gehiago bideratzeko erabakia hartu behar izan dutela gaineratu du. Orain arte, Ondarroako Udalak hiru miloi eta erdi bideratu du Kamiñaldeko lanetara, eta aldundiak 500.000 euro.