Aek-k Korrika sortu zuenetik gaur egunera arte, euskararen alorrean lan egiten duten edota euskara irakasten zein ikasten diharduten pertsonak omendu dituzte Korrika ezberdinek. Xabier Peña Albizu izan zen lehenengo Korrikak omendu zuena. Eta ordutik hona, asko eta asko izan dira euskalgintzan egindako lanagatik aipamen preziatua jaso dutenak.
Bitxikeriak. Korrikak Euskal Herria zeharkatzen duen urte guzti hauetan, gainera, ez dira bitxikeriak falta, hastapenetan batik bat.
Lehenengo Korrikan, esaterako, Rikardo Arregik 1966ko otsailaren 17an idatzitako gutuna zen mezua. Eta hara non, lehenengo Korrika hori Bilbon amaitu zenean, lekukoaren barruan zegoen
mezua desagertu egin zela konturatu ziren AEK-ko arduradunak. Berehala kopiaren bila hasi baziren ere, amaiera ekitaldiak aurrera egin zezan, Julen Kalzada orduko AEK-ko kideak hitza hartu eta ekimenak «aurreikuspenak gainditu» zituela esan zuen; bien bitartean beste arduradun batzuk mezuaren kopia bilatzen jarraitzen zuten.
Julen Kalzadaren diskurtsoa. Kalzadak, bere diskurtsoan, Korrikaren jaialdi hartan egon ezin izan zirenak gogora ekarri zituen. Ondoko hitzak esan zituen: «Euskal Herriaren alde lan egiteagatik bizia galdu dutenak. Euskal Herriaren alde lan egiteagatik kartzeletan usteltzen daudenak. Komisaldegietan torturak jasaten dituztenak…». Diskurtsoa ondoko hitzekin amaitu zuen: «Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi euskalduna!, Gora langileria! Gora langileria euskalduna!». Azken hitz horiek eztabaida piztu zuten.
Korrika amaitu osteko prentsaurrekorako, AEK-koek lekukoaren barruko kopia aurkitu zuten, eta kazetari guztiei banatu zieten. Baina Arregiren mezua irakurri ez izanak AEK-k EAJgaz eta Euskaltzaindiagaz zituen harremanak oztopatu zituen; gerora, harreman horiek berrartu zituzten.
Omendu guztiak:
- 1. Korrika. Xabier Peña Albizu (Tolosa, 1914ko ekainaren 30a – 1980ko urriaren 1a). Idazle eta pedagogo euskalduna, eta Bizkaian lehenengo ikastolaren sorreraren bultzatzailea.
- 2. Korrika. Rikardo Arregi Aranburu (Andoain, 1942ko irailaren 22a – Eibar, 1969ko uztailaren 10a). Euskal kazetaria, euskal saiakeragilea eta euskaltzalea izan zen.
- 3. Korrika. Gabriel Aresti Segurola (Bilbo, 1933ko urriaren 14a – 1975eko ekainaren 5a). Euskal idazlea eta poeta izan zen, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaileetako bat.
- 4. Korrika. Piarres Lafitte Iturralde (Luhuso, 1901eko maiatzaren 21a – Baiona, 1985eko otsailaren 23a). Apaiz katolikoa, euskal idazlea, euskalaria eta kazetaria izan zen. Herri literaturaren gainean egin zituen ikerketa lanengatik da bereziki ezaguna.
- 5. Korrika. Balendin Enbeita Goiria (Muxika, 1906ko maiatzaren 20a – 1986ko azaroaren 20a). Bertsolari eta euskal idazlea.
- 6. Korrika. Aita Joxe Migel Barandiaran (Ataun, 1889ko abenduaren 31 – 1991ko abenduaren 21a). Antropologoa, etnografoa eta apaiza izan zen. Galtzeko zorian zen euskal kultura biltzen, aztertzen eta ahanzturatik salbatzen egin zuen lan eskergagatik da ospetsua.
- 7. Korrika. Remigio Mendiburu Miranda (Hondarribia, 1931ko uztailaren 31 – Bartzelona, 1990eko apirilaren 16a). Euskal eskultorea izan zen, eta Korrikaren lekukoaren egilea.
- 8. Korrika. Martin Ugalde Orradre (Andoain, 1921ko azaroaren 11 – Hondarribia, 2004ko urriaren 4a). Kazetaria, idazlea eta politikaria zen.
- 9. Korrika. Mikel Laboa Mantzizidor (Donostia, 1934ko ekainaren 15a – 2008ko abenduaren 1a). Euskal abeslaria eta musikagilea izan zen. Hainbat adituren ustez XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da.
- 10. Korrika. Aita Luis Villasante Kortabitarte (Gernika-Lumo, 1920ko martxoaren 22a – Oñati, 2000ko abenduaren 2a). Frantziskotarra, euskal hizkuntzalaria eta euskaltzaina izan zen.
- 11. Korrika. Omenduak asko izan ziren: Etxepe enpresa (Elgoibar) eta Mendia optika (Gasteiz) lan munduaren izenean, Marije Learreta, Mila Etxezarraga eta Maite Larizgoitia Laudioko Ikastolaren sortzaileen izenean, Joserra Etxebarria EHUko fisika iraslea eta Kueto de Sestao irakaslea, Euskalerria Irratia (komunikabideak), Maitane Araguas (Mauleko gaueko eskolako arduraduna), Iparraldeko Maiatz literatur elkartea, Jose Angel Iribar (kirol munduan euskara barneratzeagatik), Arantza herria (euskaraz bizi diren herrien izenean) eta Pedro Migel Etxenike (zientzia munduan euskarari bere lekua ematen saiatzeagatik).
- 12. Korrika. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, «tradizioa eta modernitatea uztartzearren».
- 13. Korrika. Ez dok hamahiru.13. Korrika, gainera, Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak markatuta egon zen.
- 14. Korrika. Andolin Eguskiza Bilbao. Idazle eta Euskal Filologiaren fakultatean irakaslea. Oro har, 14. Korrikak euskalduntzea lortu zuten herritar guztiak omendu nahi izan zituen.
- 15. Korrika. Euskal Emakumea, «euskararen zaindariak izateagatik».
- 16. Korrika. Euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiak omendu zituen, baita ere euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiak.
- 17. Korrika. Euskaltzaindia. Euskararen lurralde osoa aintzat hartuta, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da. 1919an sortu zenetik euskara babestea du helburu, eta euskarari buruzko ikerlanak egiteaz gain, berari dagokio hizkuntzaren normalkuntzarako arauak jartzea.
- 18. Korrika. Euskara ikaslea.
- 19. Korrika. Durangoko Azoka.