Txertoak gripea eragiten duela, txertoa jarri arren gaixotasuna pairatu daitekela, txertoak gripea izatea ekiditzen duela, txertoak gaixotasuna leuntzen laguntzen duela… Askotarikoak eta beraien artean erabat ezberdinak dira herritarrek gripeari eta txertatzeari buruz dituzten iritziak eta ideiak. Askotarikoak dira gripearen gogortasun maila deskribatzen dutenen iritzi kontrajarriak.
Aurten, gripe kasu asko egon direla esaten duenik bada, eta baita indartsuago jo duela dioenik ere. Baina Osasun Sailak dio urte guztietako egoera dela; ez dela aurreko urteekin alderatuta aldaketa nabarmenik igarri. Sasoiari erreparatuta, aldiz, osasun arlokoek nabaritu izan dute gripea aurten hamabost bat egun aurreratu dela.
Osasun alorreko langileak, gripearen aurkako txertoa jartzen. Argazkia: Irekia.
Urtero-urtero sasoi beretsuan indarrean egoten den gaixotasuna da gripea; hainbat eta hainbati eragiten diena. Hain larria bihur daiteke zeinen heriotza ere eragin dezakeen. Sasoia hasi denetik 11 dira, esaterako, aurten hil diren pertsonak. Horiek guztiak arrisku-faktoreak zituzten taldekoak ziren, edota 64 urtetik gorakoen taldekoak. Eta horien artean erdiek txertoa jarri gabe zeukatela jakitera eman du Osakidetzak
129 larri ospitaleratuak: Sasoiaren hasieratik, gripearen ondorioz larri ospitaleratu dituztenak dezente izan dira; hain zuzen, 129. Halaber, ZIU unitatean 32 gaixo artatu dituzte. Orain arte hildakoak, berriz, 11 izan dira.
Txertoaren garrantzia. Hori dela eta, txertoa hartzearen garrantzia etengabe azpimarratzen du Osakidetzak; «kanpaina bakoitzean hartzen bada, eta gripearen birusa edo gripe-mota aldatzen joaten denez, immunitatea areagotu egiten delako».
Jon Darpon Osasun sailburuaren arabera, esaterako, «txertoa gripeari aurre egiteko armarik eraginkorrena da, eta berau hartzea gure buruarekin eta ingurukoenarekin dugun erantzukizunaz jabetzea da».
Urriaren 17an hasi zuen Osakidetzak 2016ko txertaketa-kanpaina, eta abenduaren 17ra arte irautea aurreikusten zuten; hala ere,
abenduaren 31ra arte luzatu zuten txertoa hartzeko epea, «gripearen eraginak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan duen gorakada esanguratsua dela eta». Dena den, oraindik ere badira txertoa hartzen dabiltzanak ere. Guztira,
380.000 txerto erosi dituzte gripearen aurkako aurtengo kanpainarako. Iaz, esate baterako, 367.000 dosi baino gehiago eman zituztela gogoratu du Osakidetzak.
Gripearen intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 390,5 kasutan dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan
Aurten ere, gripe-jarduerak joera gorakorra izan du hasieran, baina laster jaisten hasiko dela uste du Osakidetzak. Urtarrileko bigarren asteko datuak kontuan hartuz, gripearen intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 390,5 kasutan dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta
adin-talde kaltetuena 0 eta 4 urte bitartekoa da. Aurreko astekoagaz alderatuta, zertxobait altuago da intzidentzia-tasa –aurreko astean 341,6 kasutakoa izan zen–. Dena den, azken asteotako egoera kontuan hartuta, maila txikiagoan egin du gora azken astean.
Gripeari aurre egiteko sortutako kontigentzia-planak, dena den, indarrean jarraituko duela ziurtatu du Osakidetzak. Izan ere, sasoiko intzidentzia-tasa altuenak urtarrilean izaten dira. Gripeari lotutako kontsultek, esaterako, nabarmen egin dute gora Osakidetzaren arabera;
urteko bigarren astean 8.988 kontsulta egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oro har, eta, lehenengo astean, aldiz, 4.803 izan ziren.
«Gripe epidemiari eta neguko hilabeteetan osasun zentroetara egiten diren bisiten maiztasunari baliabide eta antolakuntza egokiekin aurre egitea» da Osasun Sailak kontigentzia-planaren bitartez lortu nahi duena. «Helburu nagusia da paziente guztiak ahalik-eta normaltasunik handienagaz artatzea», azaldu dute.
Hori dela eta, eta aurreko urteetan legez, Osakidetzako Osasun Arretako Zuzendaritzan batzorde berezi bat sortu dute, aipatu plana bideratzeko asmoz.
230 langile gehiago. Hala, planari jarraiki, ohi izaten direnak –4.236– baino 417 ohe gehiago jarri dituztela aipatu du Osakidetzak, eta, horrez gain, 230 langile baino gehiago kontratatu dituztela gaineratu du. Neurri horien bitartez, ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetara eta lehen mailako arretako Etengabeko Arreta Puntuetara jotzen duten pazienteen arreta lehenetsi nahi izan dute.