Lekeitioko Udala eta San Andres auzokoak auzoa berritzeko ados
San Andres auzoko azterlan sozio urbanistikoa eta birgaitze integratuko plan berezia egiten hasiko da Lekeitioko Udala. Auzokideekin hainbat batzar egin ondoren, guztien adostasuna lortu dute auzoa berriztatzeko pausoak ematen hasteko. Lehen helburua San Andres auzoa “lehentasunezko esku hartze gune” izendatzea dela jakitera eman dute. “Izendapen hori lortuz gero, bai udalak bai eta auzokideek konponketa lanak egiteko diru-laguntza jasotzeko traba gutxiago izango lituzkete eta”.
San Juan pasealekua berriztatzeko egin zuten modura, San Andres auzoa berritzeko jabetza pribatukoak diren lur batzuk udalaren esku utzi behar dituzte auzotarrek erabilera publikoko lur bihurtzeko. Horretarako, auzokide guztien adostasuna lortu dutela jakitera eman du udalak. Orain, lurrak erregistratu eta desjabetze dokumentuak legezko egingo dituzte urbanizazio proiektua lehen baino lehen hasteko.
Konpromiso agiria. Erabakia hartu aurretik, udalak eta auzotarrek hainbat batzar egin dituzte, eta auzokideekin edukitako elkarrizketetan auzotarrek eskatutakoari erantzunez, konpromiso agiri bat onartu dute udalak eta gaur egun udalean ordezkaritza duten alderdi politiko biek: EAJk eta EH Bilduk. Konpromiso agiri hori urtarrilaren 12an egin zen osoko bilkuran onartu zuten aho batez.
Agiri horretan hartutako konpromisoaren arabera, San Andres auzoaren biziberritze lanen jarraikortasuna bermatzeko, Lekeitioko udalean ordezkaritza duten bi talde politikoek auzokideekin batera, parte hartze aktiboa izango dute prozesu osoan. Horrez gain, Lekeitioko Udalak urbanizazio proiektua landu, zehaztu eta onartzerako orduan auzokideen parte-hartzea eta elkarlana bermatuko ditu, eta horretarako parte-hartze prozesu bat jarriko dute martxan auzokideekin batera.
Biziberritze proiektuak aukera ezberdinak izango balitu, San Andres auzoko auzokide-jabeek erabakitzeko eskubidea izango dute. “Erabakitze eskubide hau kontsulta baten bitartez egingo da eta parte hartzen duten auzo-jabeen gehiengo sinple bategaz onartuko da azkenean gauzatuko den proiektua”.
Proiektua aurrera doan bitartean ere, auzokideekin elkarlana eta kooperazioa bultzatzeko, behar beste batzar egiteko konpromisoa hartu du udalak, bai auzoko atari ezberdinetako presidenteekin, bai eta, behar izanez gero, auzokide guztiekin ere.