Gaur [otsailak 2] goizean, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkatea, Eneritz Basurko Hirigintza zinegotzia eta Loren Arkotxa udal taldeko kidea Eusko Legebiltzarrean egon dira, hainbat alderdietako ordezkariei Kamiñalderen egoeraren berri emateko.
Udal ordezkariek, hain zuzen ere, EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu, PSE-EE eta PPko ordezkariekin batzartu dira, Kamiñaldeko lur jausiaren ostean herriak bizi duen egoeraren berri emateko. “Garrantzitsua iruditzen zaigu Ondarroan
bizi duguna bertatik bertara jakitera ematea, zaila da gure herriak bizi duena irudikatzea”, azaldu du alkateak.
Ondarroako udal ordezkariak EH Bilduko ordezkariekin batera. Argazkia: Ondarroako Udala
Eusko Legebiltzarrak laster hurrengo urterako aurrekontuak onartuko ditu, eta Ondarroako Udalak Kamiñaldeko lanak ordaindu ahal izateko diru kopuru bat aurreikusteko eskaria egin die gaur alderdi guztietako ordezkariei. “Gaur egindako
bilerak modu positiboan baloratzen ditugu. Gure kezka zuzenean aurkeztu diegu alderdi guztietako ordezkariei, eta harrera ona izan dugu. Une honetan Ondarroan behar-beharrezkoa dugu legebiltzarretik bideratutako laguntza, eta guk hori lortzeko ahalegin guztiak egiten jarraituko dugu. Gaurkoa lehenengo urratsa baino ez da izan”.
Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, alderdietako ordezkariekin harremanetan jarraituko dute, gaur egindako bilerari jarraipena eman ahal egiteko.
PPren ordezkariarekin. Argazkia: Ondarroako Udala
PSEren ordezkariarekin egindako batzarra. Argazkia: Ondarroako Udala
Ahal Duguren legebiltzarkidearekin egindako batzarra. Argazkia: Ondarroako Udala
EAJren legebiltzarkideak Ondarroako udal ordezkariekin batera. Argazkia: Ondarroako Udala