Eusko Jaurlaritzak gaurko [otsailak 7] gobernu bilera ostean agertu duenez, Gobernu Kontseiluak 2 milioi euroko diru laguntza zuzena emango dio Ondarroako Udalari, Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko egiten ari diren
larrialdi izaerako lanak finantzatzeko. Erabakia gaur hartu dute.
«Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko lanak premiazkoak eta interes publiko orokorrekoak direlako» eta auzotarren ondarearentzat arriskua dagoelako onartu dute diru laguntza ematea. «Eusko Jaurlaritzak badaki Ondarroako Udalak bakarrik nekez egin diezaiokeela aurre lanen kostuari. Gainera, Jaurlaritzaren ustez, interes publiko eta sozial nabariko jarduketa bat da. Izan ere, euren etxebizitza utzi behar izan duten hainbat famili daude, eta horien ondare pertsonala arriskuan dago. Beraz, atzoko bileran, hura finantzatzen laguntzea erabaki dugu».
Gaineratu dutenez, Jaurlaritzak 2016an Ondarroako egoeraren larritasunagatik emandako laguntza bereziei gehitzen zaizkie Gobernu Kontseiluak gaur onartutako 2 milioi horiek:
- 618.000 euro, kaltetutako auzotarrei ostatu emateagatik
- 240.000 euro, gizarte zerbitzuen arloan emandako laguntzengatik.
- 60.000 euro, lur jausiak kaltetutako tokiko saltokiei emandako laguntzengatik.
Ondarroako Udalak adierazi duenez, Jaurlaritzaren laguntzaren berri edukitzea albiste pozgarria da. Diru laguntza horri esker,
ziurtagiri bat eta beste baten zatia ordaintzeko besteko dirua izango dutela jakinarazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Espero genuen albistea izan da, hori lotuta zegoen. Azaroan Peru Bazako Erakunde Harremanetarako sailburuordeak urtarrilaren erdialdean Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro emango zituela aipatu zigun, eta azkenean badirudi iritsiko dela diru hori, eta hori poztekoa da”.
Erkoreka, diru laguntzaren berri ematen. Argazkia: Irekia.
Albistea pozgarria baldin bada ere, lanak ordaintzeko
beste 8 milioi euro falta direla gogorarazi du alkateak. Besteak beste, larrialdiko lanak ordaintzeko beste 2 milioi euro falta egiten dute, eta horrez gain, urgentziazko lanak eta etxebizitzen konponketa ordainduko dituen diru kopurua ere falta dira. “Itota jarraitzen dugu. Arrazoi horregatik, hain zuzen ere, batu ginen aurreko astean
Eusko Legebiltzarreko hainbat talde politikorekin. Gure kezkaren berri eman nahi izan genien alderdi politikoetako ordezkariei, eta denek jarrera positiboa agertu zuten. Espero dugu legebiltzarretik ere beste bultzada bat ematea gaiari”.
Etzi [otsailak 9], bestalde, batuko da Ondarroan Kamiñaldeko mendi magaleko gaia lantzen ari den lantaldea. Bedialaunetak iragarri duenez, 09:30ak inguruan
kaltetutako etxebizitzak bertatik bertara ikusteko asmoa dute Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin batera. Era berean, mendi magalean egiten ari diren lanen nondik norakoen berri edukitzeko aukera izango dute Jaurlaritzako zein aldundiko ordezkariek.
Kaltetutako etxebizitzak ikusi ondoren, lantaldea udaletxean batuko da aurrera begira eman beharreko pausoak zehazteko. “Guretzat garrantzitsua izango da eguenean [otsailak 9] Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzagaz egingo dugun bilera, aurrera begira lanean jarraitzeko, eta falta den diruari aurre egiteko baliabideak aztertuko ditugulako”.
11 hilabete kanporatuak. Bestalde, zapatuan [otsailak 11] 11:00etan Kamiñalden batzeko deia egin du Saiñazio Mendi Azpixan gestorak, etxe, lokal eta lurretatik kanpo 11 hilabete daramatzatela gogorarazteko.
[ALBISTE HONEGAZ LOTUTA] Atal berezia: Ondarroako lur jausia