Lea-Artibai eta Busturialdeko hamar talde, Bizkaiko Taldekakoan
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartu nahi du Bizkaiko Bertsozale Elkartearen txapelketa berriak. 30 taldek eman dute izena. Hiru fasetan jokatuko duteBizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburuagaz, Bizkaiko Taldekakoa jarri zuen martxa...
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartu nahi du Bizkaiko Bertsozale Elkartearen txapelketa berriak. 30 taldek eman dute izena. Hiru fasetan jokatuko dute
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburuagaz, Bizkaiko Taldekakoa jarri zuen martxan atzo, Bizkaiko Bertsolari Elkarteak. 30 taldek eman dute izena bertso eskolak eta eskualdeak aktibatzeko antolatu duten txapelketa berrian. Lea-Artibai eta Busturialdeko hamar taldek hartuko dute parte estreinako egingo den lehiaketan.Taldekakoa, giro informalean eta jai giroan gauzatzea du helburu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, eta batez ere, bertsolari hasiberriei plazarako bidea erraztu, eta arrazoi desberdinengatik ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez daukatenei beste aukera bat eskaini nahi diete. Horrez gain, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berrien sorrera bultzatu eta eskualdeen arteko harremana sendotzea dute asmoa.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza izango du 200 parte hartzailetik gora bilduko dituen txapelketak. «30 talde dira guztira, eta taldeak, gutxienez, sei lagunekoak dira», zehaztu dute. Horrela, saio bakoitzean hiru bertsolari, gai jartzaile bat, epaile bat eta laguntzaile bat egongo dira.
Lea-Artibairi dagokionez, Markina-Xemein, Ondarroa, Ispaster eta Lekeitioko taldeak aurkeztu dira Taldekakora; Busturialdean, berriz sei talde osatu dituzte.
Talde bakoitzak epaile bat edukiko du kanporaketa bakoitzean, baina, horrez gain, publikoaren iritzia ere kontuan hartuko da. «Saio bakoitzaren ondoren, hiru taldeetatik ze taldek egingo duen aurrera erabaki beharko dute denen artean».
Saio bakoitzeko gaiak, bestalde, hiru taldeetako gai-jartzaileen artean pentsatuko dituzte.
Finala, ekainaren 3an
Hiru fase egongo dira: lehenengo fasea atzo hasi zen eta apirilaren 3a bitartean jokatuko da, bigarren fasea apirilaren 24an hasiko da, eta maiatzaren azkenera arte luzatuko da, eta finala ekainaren 3an jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalagaz batera.
Guztira, hamar kanporaketa egongo dira lehen fasean, bigarren fasera hamar talde pasatuko dira, eta finalera hiru talde ailegatuko dira. Kanporaketa gehienak hiru taldeka jokatuko dira, eta talde batek egingo du hurrengo fasera saltoa. «Kanporaketa bakoitza hiru saio laburrek osatuko dute: lehenengo taldea bigarrenaren kontra, bigarrena hirugarrenaren kontra, eta hirugarrena lehenengoaren kontra. Saio bakoitzeko talde batek egingo du aurrera».