Helmugak EuSport proiektua bidean aurrera egiten ari da. Eta abenturaren nondik norakoak eta proiektu solidarioaren xehetasunak azaldu eta gero, bateko eta besteko erakunde, talde eta enpresen gero eta babes handiagoa ari da jasotzen egitasmoa. Lehenengo proba udan egingo dute, Mongolian. Eta horretan gauzatuko duten proiektu solidarioa zein taldegaz egingo duten lotu dute orain:
Durangoko La Otra Mirada laguntza taldea.
Zehatz esateko, Mongolian pobrezia egoeran bizi diren umeek eskolak jasotzeko ospitale zahar bat egokitzen ari da La Otra Mirada. Eta Helmugak proiektuak ospitalean lanak egin ahal izateko ekarpen ekonomikoa egingo du. «Aipatu behar da baita ere, Alzola ura enpresak egitasmoagaz bat egin duela eta dirua batzeko ur botila solidarioak oparitu dizkigula», azaldu du Ander Txakartegik.
Helmugak EuSport proiektuko kideak eta La Otra Mirada laguntza elkartekoak. Argazkia: Helmugak EuSport
La Otra Mirada taldeko kideekin ere zelan jarri ziren harremanetan azaldu du Txakartegik. «Kasualitatea izan zen. Irratia entzuten nengoen, eta taldeko kide bat entzun nuen berbetan. Durangoko taldea zenez eta Mongoliarako proiektuak bideratzen zituztenez, gure egitasmorako aproposa zela iruditu zitzaidan». Eurekin harremanetan jarri, eta Helmugak EuSport-en helburuak zeintzuk ziren azaldu eta gero, bidea eskutik helduta egitea adostu zuten.
Alzola urak enpresak emanda, ur botila solidarioak salduko dituzte apirilean; Mongolian umeak eskolaratzeko proiektu batera bideratuko dute dirua
Azken finean, Helmugak proiektuaren helburua pertsonak dira; bisitatzen dituzten lekuetan tokian tokiko beharrizanak atzeman eta horiek asetzea. La Otra Miradako kideak ere pozik daude kirolariek egingo duten ekarpenagaz. «Gure proiektua babesteko guregana etorri dira, horrek suposatzen du gure lana bistaratzen ari dela».
Mongolian berritzen ari diren ospitale zaharra.
Ur botila solidarioak. Beraz, Mongolian gauzatuko duten ekarpen solidarioa nahikoa ondo finkatu eta gero, diru ekarpena nola bideratu pentsatzen hasi ziren. Eta orduan Alzola enpresagaz bat egin zuten. «Haiek esan ziguten zuzenean ekarpen ekonomikoa egitea baino, eurentzat askoz erosoagoa zela guri ura oparitzea».
Beraz, ur botilaz betetako pale bat oparitu diete, eta Helmugak proiektuko partaideek eta La Otra Miradakoek horiek salduko dituzte. «Apirilaren erdialdera kalera aterako gara, eta herritarrei guk gauzatuko dugun proiektu solidarioa azaldu eta ur botila bakoitza euro baten salduko dugu».
Guztira, 1.300 ur botila oparitu dizkie Alzolak. «Beraz, gutxienez 1.300 euro lortuko ditugu». Eta diru hori guztia Mongolian egokitzen ari diren ospitale zaharreko lanetara bideratuko dute. «Gure helburua da Mongoliara dirua bideratzea».
Argazkia: Helmugak EuSport
Kideak gehitzen. Pozik eta ilusiogaz, egingo dutenean sinisten dute Helmugak proiektuko kideek, eta bateko eta besteko ateak jotzen ari direla diote. «Mongoliarako laguntza erdi bideratuta izan arren, zenbat eta diru gehiago lortu errazagoa izango da ume horien eskolaratzea».
Gainera, hasieran egitasmoa bultzatu zuten bost kideei beste hiru gehitu zaizkie orain: Iban Amias, Lur Uribarren eta Beñat Ormaetxea.
Helmugak EuSport proiektuaren kideak gutxinaka-gutxinaka ari dira pausoak ematen, baina urrats bakoitza seguru eta sendo ematen dute. Beraz, datozen hileetan Mongoliako proba prestatzen eta han ekarpen solidarioa gauzatu ahal izateko ekintzak egiten jarraituko dute. Hori bai, ahaztu gabe, atzetik etorriko direla Kuba eta Kanadako probak eta horietan egingo dituzten ekarpen solidarioak.
HONEKIN LOTUTA:
Helmugak EuSport proiektuko partaideak:
- Ander Txakartegi (Berriatua, 1980). Txirrindularia eta rally munduan ere esperientzia handia daukan kirolaria. Abenturazalea eta Titan Deserteko finisher-a.
- Xabat Arrate (Markina-Xemein, 1985). Gazte mailako txirrindularitza lasterketetan garaipen ugari lortu ditu. Rally gidaria eta Titan Deserteko finisher-a.
- Txomin Arana (Ereño, 1985). Munduko txapelketetako puntako moto gidaria. Azken hiru urteetan Dakar-ean euskaldunon erreferentzia nagusia izan da.
- Koikili Lertxundi (Otxandio, 1980). Mundu mailan futbolean ezaguna bada ere, greko erromatar borrokan hainbat alditan izan da Espainiako txapelduna. Athletic Cluben jokalari ohia.
- Zigor Iturrieta (Euba, 1974). Mundu mailako Ultra Trail ospetsuenetan postu ikaragarriak lortutako kirolaria. Mendiko lasterketetan hainbat garaipen lortu izan ditu. Gaur egun ETBren Txoriene saioaren aurkezlea da.
- Iban Amias (Ispaster, 1982). Bizitza guztian pedalei eragiten dabilen kirolaria. Gazte mailetan garaipen asko lortu izan ditu (errepidean eta belodromoan).
- Lur Uribarren (Elantxobe, 1987). Urdaibai arraunlari taldeko patroi ohia. Bere palmaresean hainbat bandera ditu, Kontxakoa eta San Migel ligakoa tartean.
- Beñat Ormaetxea (Amorebieta-Etxano, 1977). 2001ean Espainiako sukaldari gazteen txapelduna. Mendi lasterketetan eta txirrindularitzan oso murgilduta dago.