Zelaietaburuko (Etxebarria) erresistentzia gunea berreskuratu eta memoria gunera igarotzeko azken pausoa eman du gaur goizean [martxoak 5] Ahaztuen Oroimena elkarteak,
omenaldi bategaz. Zelaietaburun hil ziren eta borrokan jardun zuten gudari eta milizianoak izan dituzte gogoan, eta bertan gertutakoa jasota geratu dadin, eta bertara doazenek han gertatutakoa errazago ulertzeko aukera izan dezaten,
panel informatibo bat ere inauguratu dute.
Ahaztuen Oroimenako Patxi Ibarzabal azalpenak ematen.
Gehienak oinez joan dira omenaldira, Artibai Mendigoizale Taldeagaz eta ETX kultur elkarteagaz batera Ahaztuen Oroimenak antolatutako ibilaldian. Beste batzuk, ostera, autoan hurreratu dira gunera.
Oinezkoek 09:00etan irten dute Markina-Xemeindik eta 09:30ak aldera batu dira Etxabarrikoekin Beide baserriaren parean. Euria izan dute ibilbidearen lehen zatian, baina Akarregin aterkiak gorde egin ahal izan dituzte eta ateri izan dute falta zitzaien bide osoan. Omenaldian ere haize zakarra egon arren, euririk ez du egin.
Indarrak berreskuratzeko, salda beroa, txorizoa, sagardoa eta gazta eskaini dizkiete Ahaztuen Oroimena elkartekoek Zelaietaburuko omenaldira batutakoei. Eta ekitaldiari ekin diote ondoren.
Erreparazioa. Patxi Ibarzabal Ahaztuen Oroimena elkartekoak aurrekariak azaldu ditu. Zelaietaburuko gainean, gipuzkoarako begiratokian lubakia egin zuten gudari edo milizianoek 1936ko irailaren bigarren hamabostaldian, eta egun batetik bestera utzi behar izan zuten posizioa.
Gudari eta milizianoek egindako lubakian
hiru gorpuzkin deshobiratu ziren, 2016ko martxoan eta apirilean, baina zoritxarrez ezin izan direla nortzuk diren jakin azaldu du Ibarzabalek. “Hemen aurkitutako hiru gudari horiek hemen gertatutako mugimendu guztiaren adierazgarri dira”, adierazi du, eta 36ko kolpeak eskubideak hurratutako denek erreparaziorako eskubidea dutela azpimarratu. “Giza eskubideak denentzat berdinak badira, hemen 80 urtez hobiratuta egon direnentzat are gehiago”. Eta hori guztia ez ahazteko informazio panel bat jarri dute bertan.
Mertxe Lejardi Gabilondo Zelaieta baserrikoak bistaratu du informazio panela.
Lurren jabe eta auzotarren borondate ona, eta auzolanean jardun dutenen prestutasuna eta lana eskertu dituzte Ahaztuen Oroimena elkartekoek, eta
Mertxe Lejardi Gabilondo Zelaieta baserrikoak bistaratu du 36ko gerrako gertakariak eta aurkikuntza azaltzen dituen panela.
Etxebarria, Ondarroa, Markina-Xemein eta inguruetako herritarrez gain,
Etxebarriko udal ordezkariak ere egon dira Zelaietaburun. Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak eta Karmelo Ibarluzea eta Kepa Kastillo zinegotziek ere bat egin dute ekitaldian.
Bertsoekin eta aurreskuagaz osatu dute omenaldia.