Sainazio Mendi Azpixan gestorak deituta, Ondarroako San Ignazioko kaltetuek protesta egiteko martxa egin dute gaur [martxoak 11]. San Ignazion hasi eta alde zaharrera arteko bidea egin dute, isilik eta beste herritar askok lagunduta; udal ordezkariek ere martxagaz bat egin dute. Gestorako kideek nabarmendu dutenez, lanak oraindik ez daude amaituta, eta erakundeak eurekin ahaztuko direnaren beldur dira: “Erakundeak gurekin ahazten badira, horrek esan nahi du mendia ez dela ondo geratuko eta beldurragaz biziko garela. Eta hori da ez duguna nahi. Azken finean, lehen ere nahikoa beldurtuta atera ginen gure etxebizitzetatik”.
Asteon urte bat bete da 84 familia euren etxebizitzetatik atera arazi zituztela. Eta hasiera bateko aurreikuspenen arabera martxoan edo apirilean etxebizitzetara bueltatzea bazen ere, epeak ez direla betetzen ari salatu dute kaltetuek. “Iazko maiatzean udalak proiektua aurkeztu zuenean eman ziguten epeen arabera, gure etxebizitzetan sartzear egon behar genuen. Baina ez da horrela. Dirurik ez da heldu, eta ondorioz lanak ez dira amaitu”.
Kaltetuek lanekin amaitzeko behar den laguntza guztia emateko eskaera irmoa egiten diete Ondarroako Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari
Oro har, ezjakintasunean jarraitzen dutela azpimarratu dute. “Ez dakigu noiz amaituko diren lehendabiziko emergentziako lanak. Eta esaten dute emergentziako lanak egin eta 1,2ko segurtasuna lortzen dutenean barrura sartuko garela. Baina kontuan hartu behar da 0,5eko segurtasun mailarekin kaleratu gintuztela. Eta azken helburua 2.mailako segurtasuna lortzea dela”. Segurtasun maina hori, baina, mendiari pisua kendu, beheko aldetik ere ondo eutsi eta ura ondo bideratuta dutenean lortuko dela azaldu dute. “Hori ez da lortuko lan guztiak amaitu arte”.
Halaber, kaltetuek ate guztiak jotzen ari direla esan dute. “Urte guztia daramagu udalari saka eta tiraka. Eta azken hilabete eta erdian goragoko erakundeetara gu ari gara joaten, bestela ez dugu ezer lortuko. Dena dela espero dugu zer edo zer lortzea“. Egoera horretan, lanekin amaitzeko behar den laguntza guztia emateko eskaera irmoa egiten diete Ondarroako Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.
Herritarren babesa. Gestorako kideen berbetan, herritarrek babes handia ematen diete. “Eta uste dugu aurrerantzean ere hor egongo direla”.
Sainazio Mendi Azpixan: “Guztiok etxera joan arte eta seguru bizitzea lortu arte borrokan jarraituko dugu”
Bestalde, atzo adostu zuten hasiera batean bizilagunen lehen mailako beharrizanak asetzeko bideratutako diru laguntzen soberakina konponketa lanetara bideratzea, eta horren aurrean ere euren iritzia eman dute kaltetuek. “Oraindik ez dakigu etxebizitzetako konponketa lanak nork ordainduko dituen. Atzo adostu zuten bizilagunei lehen mailako beharrak asetzeko bideratutako diru laguntzetatik soberan zegoena konponketa batzuetara bideratzea. Zehatz esateko, diru hori eraikina martxan jarri ahal izateko egin beharreko konponketa orokorretara bideratuko da: gasaren eta uraren zirkuituak nola dauden ikusi eta abar…”.
Egoera horretan, eta urtebetez euren etxebizitzetatik kanpo egon eta gero, borrokatzen jarraituko dutela esan dute. “Guztiok etxera joan arte eta seguru bizitzea lortu arte borrokan jarraituko dugu“.
HONEKIN LOTUTA: San Ignazioko kaltetuen gorabehera guztiak, HEMEROTEKAN
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.