Kamiñaldeko egoeraren berri emateko herri batzarra egingo du Ondarroako Udalak
Zehatz esateko, lanak nola doazen eta dirua lortzeko gestioak zein puntutan dauden azalduko dute udal ordezkariek astelehenean [apirilak 10] 17:30ean, Kalare Deuna kofradiako areto handian (portuan). “Ondarrutarrak udalak egin dituen urrats eta proposamenen jakitun izan behar dira, eta horren berri zuzenean emateko herri batzarra dela bide egokiena uste dugu”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.
Aurreratu dutenez, udalak hainbat bilera egin ditu Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin, baina oraindik ez dira lanak ordaintzeko adostasun batera iritsi. “Azkenengo bileran, emergentzia eta urgentzia lanak Jaurlaritzaren eta aldundiaren artean ordaintzeko eta udalak desjabetza eta etxeen konponketa gastuak bere gain hartzeko proposamena luzatu genuen, baina oraindik bi erakundeek ez dute erantzunik eman”.
Ondarroako udal ordezkariek egindako proposamen horri martxoa amaitu orduko erantzun bat emango ziela esan zieten Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariek. “Baina oraindik ez dugu proposamenaren inguruko erantzunik jaso”. Horrenbestez, momentuko egoeraren berri herritarrei emateko unea dela uste du udalak, eta horregatik deitu dute herri batzarra. “Herritarrak beraien etxeetara bueltatzeko zain daude, eta guk prozesua zertan den azaltzeko erantzukizuna daukagu”.