Larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarra aske uzteko dokumentua babestu dute EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk. Dena dela, PPk dokumentua sinatu ez duenez, eskaerak ezin izan du Legegiltzarreko adierazpen instituzional modura aurrera egin.
PPren ordezkariek esan dutenez, gainerako alderdiek ez diete agiria helarazi ere egin. Dena dela, jasoko balute ere, ez luketela sinatuko esan dute, “erabaki hori epaileei baitagokie”.
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak PPren jarrera gaitzetsi du: “Onartezina da Alderdi Popularra ezin heltzea gainerako talde guztiok heldu garen adostasun hau babestera. Nire ikuspegitik, legalitate eta humanitate ikuspegian egiten den planteamendu honetara ez heltzea onartezina da”.
Arzuaga, dokumentua eskuetan duela. Argazkia: EH Bildu.
Gainera, Arzuagak nabarmendu du PP-k ezik beste alderdiek Iparragirre eta gaixotasun larria duten gainerako presoak aske uztea babestu dutela, indarrean dagoen lege eta nazioarteko araudia aintzat hartuta.
Alderdiek sinatu duten dokumentuak dio ez dutela nahi gaixo dauden presoak “Espetxe Zuzendaritzaren erantzukizunepan hiltzea”; horrek, “inondik inora” bizikidetzari ez diola mesederik egiten eta “sufrimendua eta atsekabea elikatzen” dutela dio dokumentuak.
Bestalde, Iparragirreren egoera aintzat hartuta, EAJ, EH Bildu, ERC eta Compromis taldeek
Espainiako Barne ministroaren “urgentziazko agerraldia” eskatu zuten atzo [ekainak 1] Espainiako Kongresuan, hainbat galdera egitearekin batera. Eskaera hori Joan Tardak (ERC), Aitor Estebanek (EAJ), Joan Baldovik (Compromis) eta Marian Beitialarrangoitiak (EH Bildu) erregistratu zuten.
Besteak beste, Iparragirrek bizi duen egoera horren aurrean azalpenak eskatu nahi izan dizkiote Zoido ministroari, batez ere “zer egin asmo duen sendabiderik ez duen gaixotasun bat duen preso baten eskubideak bermatzeko”.
Iparragirre Madrilgo (Espainia)
Gregorio Marañon ospitalean dago eguaztenetik, pneumoniagaz.