Bizkaiko lehenengo Taldekakoa irabazi dute Akerbeltzen antxumeek
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak egun osoko jaia egin du Markina-Xemeinen. Eskolarteko finalak jokatu dituzte goizean. 200 gaztetik gora bildu ditu ekimenakAste osoan gaztetxean entsegatzen egindako orduek fruitu onak eman zizkieten Markina-Xemeingo Akerb...
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak egun osoko jaia egin du Markina-Xemeinen. Eskolarteko finalak jokatu dituzte goizean. 200 gaztetik gora bildu ditu ekimenak
Aste osoan gaztetxean entsegatzen egindako orduek fruitu onak eman zizkieten Markina-Xemeingo Akerbeltzen antxumak taldeko kideei; eurak izan ziren zapatuan, euren herrian bertan jokatu zen lehen Bizkaiko Taldekako txapelketaren irabazleak. Ez ziren saria eraman zuten Lea-Artibai eta Busturialdeko bakarrak izan, Eskolarteko idatzizko sariketan bigarren gelditu ziren Markina-Xemeingo Bekobenta Eskolako Paule Mustadi eta Bera Kruz Ikastolako Zuberoa Azpiazu; Muxikako Ander Larrozeak, berriz, 3. saria eraman zuen, eta Beñat Bilbao gernikarra Eskolarteko bat-batekoko buruz burukora ailegatu zen, eta zapatuan, Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako sailkatu zen.Bizkaiko bertsolaritzaren egun guztiko jaia izan zen zapatukoa. Goizean eskolarteko finalak jokatu ziren, eta arratsaldean, taldekako finala. Eguerdian, gainera, bazkari herrikoia egon zen, eta 120 lagunetik gora batu ziren bazkaltzera frontoiaren babespean. Txosna ere jarri zuen herriko Txosna Batzordeak, eta eguna borobiltzeko, Joxpa taldeagaz erromeria egon zen.
Idatzizko finala
Bizkai osoko 200 gazte batu ziren goizean goiz Markina-Xemeingo frontoi txikian, eta gai-jartzaileek proposatutako ariketak egiteko ordubete inguru eduki zuten. Bost mailatan parte hartu zuten, eta maila bakoitzeko lehen hirurek jaso zuten saria.
Eskolarteko bat-batekoa, ostera, Berrizko Bertso Eskolako Iruri Altzerrekak irabazi zuen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, 14 eta 18 urte bitarteko 40 gaztek parte hartu dute aurtengo eskolarteko bat-bateko sariketan, eta horietatik zortzi heldu ziren zapatuko finalera.
Markina-Xemeingo frontoia ikuslez beteta egin zuten bertsotan zortzi finalistek, Itxaro Juaristi Olaetxea gai-emaileak gidatuta. Epaile beharretan, Leire Etxebarria Gaztelu, Miriam Juaristi Urizar eta Alaitz Etxanobe Bereziartua aritu ziren.
Lehen Taldekakoa
Bizkaia mailako lehenengo taldekakoa jokatu da aurten. Bizkai osoko 30 taldek parte hartu dute, eta 200 lagunetik gora ibili dira azken hilabetetan bertsotan. Iurretako Bertso Taldia, Abadiñoko Koipelustre´s eta Markina-Xemeingo Akerbeltzen antxumak ailegatu ziren Markina-Xemeinen jokatu zen taldekako finalera. 17:00etan hasi zen norgehiagoka, eta ordu eta erdiko saioaren ostean, Akerbeltzen antxumak herriko taldeak lortu zuen garaipena, epaileen iritzia zein publikoarena kontuan hartuta.
Akerbeltzen antxumak taldean Josune Aramendik, Nahia Ibarzabalek eta Nerea Ibarzabalek egin zuten bertsotan, gai-emaile beharrak Maddi Ibaibarriagak, eta epaile beharrak, aldiz, Jone Ansotegik .
Sari emate ekitaldian, Taldekakoan parte hartu duten 30 taldetako kide bana igo zen oholtzara, oroigarri bat jaso eta talde argazkia ateratzera.