Lekeitioko San Andres auzoa Lehentasunezko Eskuhartze Gune izendatzea adostu du udalak
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, auzoak dituen “hainbat arazoen artean, auzoak iriste erraztasun falta, inguruarekiko konexio traketsa eta urbanizazio zaharkitua” ditu. Horregatik, atzoko [ekainak 8] osoko bilkuran auzoari Lehentasunezko Eskuhartze Gune izendapena emateko prozesuari hasiera eman eta auzoa berriztatzeko konpromisoa hartu du udalak.
Datorren astean [ekainak 12-16] Eusko Jaurlaritzan auzoari izendapen hori emateko beharrezko dokumentuak aurkeztuko dituztela esan dute. “Udalak daukan helburua da diru laguntzak jasotzerako orduan auzoak abantailak edukitzea, bai udalak berak auzoa urbanitzatzerako orduan eta baita ere auzokideek etxebizitzetan edota eraikinetan hobekuntzak egiteko”. Besteak beste, hobekuntzak iriste erraztasuna eta eraginkortasun energetikoaren ingurukoak izan ahal direla gaineratu dute.
Bestalde, udalak jakitera eman du San Andres auzoaren urbanizazio proiektua Estudio K enpresak idatziko duela; esleipen prozesua enpresa horrek irabazi du. “Enpresa horrek parte hartze prozesu bat tarteko idatziko du proiektua, eta horretarako 4 hilabete edukiko dute”.