Ipargorri Kirol Elkarteak eta Ispasterko Udalak antolatuta, Otoio Igoera Ispasterko Udala Saria Krono-MTB lehiatu zuten zapatu arratsaldean.
Nagusietan lehia estua egon zen lehenengo lauren artean. Diezek 12 minutu eta 21 segundo behar izan zituen Otoi mendiko antenara heltzeko, eta Basauriko Jose Antonio Garrido bigarrena irabazlearengandik 29 segundora heldu zen.
Etxebarriko Mikel Fernandez hirugarrenak 13 minutu eta 3 segundotan burutu zuen 3,4 kilometroko mendi bizikleta lasterketa, eta harengandik 6 segundora ailegatu zen antenara Josu Peña gueñestarra.
Irabazleak txapela, 250 euro eta Lea-Artibaiko produktuez osatutako otzara eroan zituen etxera eta bigarren eta hirugarren sailkatuek ere otzara bana jaso zuten. Horrekin batera, Garridok 200 euro eta Fernandezek 150 euro irabazi zituzten.
45 pertsona zeuden izena emanda, baina azkenean 40 pertsonak lehiatu zuten kronoigoera. Besteak beste, Ispasterko, Lekeitioko, Eako, Markina-Xemeingo, Ondarroako, Mutrikuko eta Bermeoko parte hartzaileak egon ziren.
Hain zuzen ere, Lea-Artibai eskualdeko lehen sailkatua Egoitz Egiarte ispastertarra izan zen. 14 minutu eta 26 segundoko denboragaz hamahirugarren sailkatzea lortu zuen.
Parte hartzaileen artean, hiru emakume zeuden. Horietatik azkarrena Artziniegako Zuriñe Frutos izan zen; 18 minutu eta 6 segundotan burutu zuen Ispasterko plazatik Otoi mendiko antenarako ibilbidea (32. sailkapen orokorrean). Bakarne Oñederra eatarrak 23 minutu eta 53 segundotan amaitu zuen proba, eta Susana Sarasketa lekeitiarrak 27 minutu eta 16 segundotan.
Umeen lasterketaren lau parte hartzaileak probari ekiteko prest. Argazkia: Ispasterko Udala.
Nagusien probagaz batera, 7 eta 10 urte bitartekoentzat 1.200 metroko lasterketa egon zen, eta 11 eta 14 urte bitartekoek, berriz, 2 kilometroko proba burutu zuten. Nagusien probagaz alderatuta, ume eta gaztetxoen lasterketetan parte hartzaile gutxi egon ziren, eta beraz, datorren urterako “ate gehiago jo” beharko dituztela adierazi dute antolatzaileek: “Espero dugu datorren urtean ume eta gaztetxo gehiago etortzea. Eskoletara hurbildu edo antzeko zerbait egin beharko dugu parte hartzera animatzeko”.
Gaztetxoen probako parte hartzaileak. Argazkia: Ipargorri Kirol Elkartea
Hain zuzen, launa partaide egon ziren aipatu bi probetan. 11 eta 14 urte bitartekoetan, esate baterako, laurak Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartekoak izan zirela azaldu dute antolatzaileek, haien parte hartzea eskertuz.
Estreinako. Otoioko kronoigoera lehenengoz antolatu dute, eta antolatzaileak oso pozik geratu dira emaitzagaz. Lehen urtea izateko “maila altua” egon dela nabarmendu dute: “Jende oso ona egon da, eta parte hartze altua. Denek esan digute datorren urtean ere etorriko direla. Parte hartzaileek maila altua jarri dute, eta espero dugu datorren urtean jende gehiago egotea, batik bat ume eta gaztetxoen probetan”.
Sariak eta zozketak. Aipatu lehen hiruren sariekin batera, laugarren eta hamargarren artean sailkaturikoek diru-sariak jaso zituzten, eta ume eta gaztetxoei medaila bana eman zieten.
Bestalde, hiru probetako parte hartzaile guztien artean bost zozketa egin zituzten. Zehatz esateko, Herriko Tabernan bi pertsonentzako afaria, Areitz-Bi jatetxean bi pertsonentzako afaria eta Otoio Kirol dendan gastatzeko 50 euroko hiru bonu zozkatu zituzten.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.