Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak
atzo [uztailak 17] atxilotu zuten Liher Aretxabaleta Rodriguez, Bilbon. Espainiako Barne Ministeriotik jakitera eman dutenez, lekeitiarrari ETAk 2005eko maiatzaren 25ean Madrilen egindako atentatuan parte hartzea egotzi diote. Ekaina bukaeran eduki zuen epaiketa Aretxabaletak, eta epaileak dioenez, “epaiketari esker atentatuan zeintzuk parte hartu zuten argitu ahal izan da”.
Aretxabaletari 500 urtetik gorako kartzela zigorra ezarri diote. Hartara, legeak dioenaren arabera, lekeitiarrak 40 urteko kartzela zigorra bete beharko du. “12 urte eta gero, justiziak baieztatu ahal izan du Aretxabaleta atentatu hartan parte hartu zuenetariko bat izan zela;
45 pertsona hiltzen saiatzea egotzi zaio”, esan du Espainiako Barne Ministerioak. Bide beretik, Aretxabaletagaz batera atentatu hartan parte hartu zuen beste euskal herritar bat
Alaitz Arramendi Jaunarena izan zela esan dute.
2005eko maiatzean gertatutakoa. Atentatua egin ahal izateko, Aretxabaletak eta Arramendik San Lorenzo de El Escorial herrian (Madril) furgoneta bat lapurtu zutela esan dute Espainiako agintariek. “Furgonetan 25 kilo kloratitaz osatutako bonba bat sartu zuten. Hurrengo egunean, furgoneta Madrilgo Alcala eta Rufino Gonzalez kaleen artan ipini zuten, eta bonba bat zegoela ohartarazteko dei bat jaso ostean, poliziek inguruko eraikinak husten hasi ziren. Erakinak husteko lanean ari zirenean leherrarazi zuten bonba”.
Leherketak kalte materialak eta dozenaka zauritu eragin zituela esan dute. “Zauritu gehienak inguruko eraikinetan lan egiten zuten langileak eta poliziak izan ziren”.