Ingurumenaren aldeko apustua ere egingo dute aurten Lekeition.
Datorren urtean Eskola Publikoaren jaia Lekeition ospatuko dela eta, lanean dabiltza Lekeitioko Eskola Publikokoak. Era askotako ekintzak antolatuko dituzte, eta hasteko, jaietan behin eta berriro erabil daitezken edalontziak erabiltzeko apostua egin dute.
Jaietan
zabor asko sortzen dela gogora ekarri dute Lekeitioko Eskolako kideek. Hori dela eta, naturaren aldeko apostu handia aurrera eroatea pentsatu dute. «Eskolan naturaren aldeko hainbat ekintza egiten ditugu, eta hori gure herrian martxan jartzea pentsatu dugu». Horrela, barikuan, zapatuan eta Antzar egunean [irailak 1, 2 eta 5] herritarrak eta bisitariak behin eta berriro erabil daitekeen Zapran Gagoz edalontzia erosi eta erabiltzea lortu nahi dute.
Horretarako
herriko gune batzuetan edalontziak jarriko dituzte eskura,
euro baten truke. Edalontzirik ez duenak, hala ere, tabernetan ere izango ditu, euro bat gehiago ordainduta. «Lehen helburua ekologikoa da, txosnak lortu dutena, tabernetara ere zabaldu ahal dugu. Plastikozko edalontzietan zerbitzatu beharrean behin eta berriro erabil daitezkeen edalontziak emango dituzte, eta batetik bestera eraman ahalko ditugu».
Bestalde, lortzen duten dirua Eskola Publikoari laguntzeko izango da.«Uste dugu jendea nahiko kontzentzia hartuta dagoela, eta ahalegina, gutxienez, egin behar dugu. Guztion parte-hartzea beharrezkoa izango da ondo ateratzeko».Guztira, 20.000 edalontzi prestatu dituzte. «
Apustu bat da. Saiatu egin behar gara. Ezin gara umeei zaborrik ez jaurtitzeko esaten ibili eta gero gu jaietan edalontziak bota eta bota; lotsagarria da».Lekeitioko Udalak ere bat egin du apustu horregaz, eta ia taberna guztiak ekimenean parte hartuko dutela jakitera eman dute Lekeitioko Eskolakoek.