Makailaoa eta paellak izan ziren protagonistak, atzo [irailak 3] Lekeitioko San Antolin jaietako hirugarren egunean. Aurten, bederatzi izan dira 31. urtez herriko Aittitta Txiki kultur taldeak antolatutako makailau txapelketan parte hartu duten kazolak, eta Gernikara joan zen 9 zatiko kategoriako sari nagusia. Paella txapelketan, berriz, 52 taldek parte hartu dute.
Makailau txapelketako hiru sarituak epaimahaiarekin. Argazkia: Aittitta Txiki
Azken urteetan bezala, hiru lagunek osatu zuten Makailau Txapelketako epaimahaia:
Jose Antonio Bastegietak,
Agurtzane Eizagirrek eta
Koldo Arazosak. Gustua, gatz puntua eta itxura izan zituzten kontuan, eta maila handia egon zela azpimarratu zuten. Hala, hiru kazolen artean egon zen azken erabakia, eta sari nagusia Yasmina Landak eraman zuen. Bigarren saria Andoni Landarentzat izan zen, hirugarren eta laugarren sariak Dzunba Dzunbak eta Txalapartak eraman zituzten eta bosgarren eta seigarren sariak Atzera Tiriak eta Inak.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Sei zatiko kategorian, berriz, WC Komuns kuadrillako Aitor Markes izan zen nagusi, eta Dzunba Dzunbak eta Atezuan kuadrillek eraman zituzten bigarren eta hirugarren sariak.
Makailaoagaz gain kroketak ere dastatu behar izan zituen epimahaiak. Tabernen arteko
Kroketa Txapelketa ere antolatu du Aittitta Txikik aurten, eta izandako erantzun ona ikusita, jarraipena emango diotela azaldu dute.
Denetara 18 tabernak hartu dute parte aurtengo txapelketan eta epaimahaiaren arabera, orokorrean oso maila ona egon da.
Norai taberna eta Serenga tabernaren artean berdinketa egon zen puntutan, baina gustuan puntu gehiago izanik, Norai taberna geratu zen irabazle.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Beste alde batetik, Atxirri eran egindako
makailau dastaketa eskaini zuen Aittitta Txikik udaletxeko eskaileren aurrean, eta bertan lortutako dirua Mireia Arrillagari laguntzeko izango dela jakitera eman dute.
Epaimahaiak erabakia hartuta, janaria egin duten lekuan bertan bazkaltzeko aukera izan zuten herritarrek eta girorik ez zen falta izan Independentzia plazan Taberna ibiltaria taldearekin.
EGITARAUA SAN ANTOLIN JAIAK 2017
Kultur etxea egunotan itxita egon bada ere, ateak zabaldu ditu gaur [irailak 4] goizean kuadrillek Antzar Eguneko jaian parte hartzeko izena emateko. Arratsaldean, berriz, esku pilota txapelketako finalak jokatu dira Zapaterito frontoian, eta Txosna Batzordeak antolatuta, ur kirolak eta eraikuntza tailerrak egon dira aukeran, parkean.
HONEKIN LOTUTA:Â