Adinekoek ezagutzak eta balioak transmititzeko duten ahalmena erakusten duen erakusketa, Ondarroan
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Erakusketa Igurco Zerbitzu Soziosanitarioak egin du, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Metro Bilbaoren laguntzagaz. Inaugurazio ekitaldian egon dira Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkatea, Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko presidentea eta Sonia Robles Igurco Taldeko gizarte langilea. Inaugurazio ekitaldia hunkigarria izan da, oso. Ez bakarrik Roblesek erakusketak duen helburua azaldu duelako. Baizik eta erakusketa osatzen duten zazpi argazkietako batean hiru emakume ondarrutar direlako protagonista: Maria Trinidad Bengoetxea Burgoa (Trini), Maria Mercedes Zarraga LarraƱaga eta Maria Concepcion Osa Zubikarai (Miren). Eta hain justu, gaurko ekitaldian hiru protagonistak lehen lerroan egon dira eserita.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Gainera, Bedialaunetak eta Eluk opari bana eman die, urteetan egin duten lanagatik eta herria eta herritarrak gaur egun direna izateko egin duten ekarpenagatik. Roblesek erakusketaren inguruko azalepanek eman eta gero, Elu izan da lehena hitza hartzen: “Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Igurco Taldeari egindako lanagatik, eta batez ere lan hori egiterakoan gure herriko emakumeekin gogoratzeagatik. Izan ere, erakusketan gizon eta emakumeak agertzen badira ere, zati handi baten, gaur egungo Ondarroa den bezalakoa da urteak atzera herriko emakumeek egindako lanari esker”. Eluk, gainera, hiru ondarrutar protagonistei esker oneko berbak eskaini nahi izan dizkie. “Esan nahi dizuet oso harro nagoela zuetaz, eta tartean nire ama dagoenez, berari ere esan nahi diot beragaz oso harro nagoela”.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Halaber, inaugurazio ekitaldia aprobetxatu nahi izan du Eluk Ondarroan Eguneko Zentroek egiten duten lana eskertu eta zentro gehiagoren premia dagoela aldarrikatzeko. “Nik, Ondarroako Udaleko Ongizateko Batzordeburu modura, Eguneko Zentroak daukan garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Urteetan eskatu izan dugu herrian Eguneko Zentro bat nahi genuela, eta azkenean lortu genuen. Azken finean, zentro honek horrelako ekimenak egiteko aukera asko ematen ditu; aberasgarria da. Baina gutxinaka-gutxinaka lortu behar duguna da herri guztietan, ez bakarrik herri handietan Eguneko Zentroak edukitzea. Oso aberatsa eta oso gauza ona da Eguneko Zentroa, eta herriko adinekoentzako aukerarik onena da”.