Nazioarteko Bakearen Eguna ospatuko du Bakearen Museoak
Beste urte batez, Bakearen Museoak Nazioarteko Bakearen Eguna ospatuko du. Hala, gaur eta bihar izango du zer eskaini Gernika-Lumoko museoak.Gaur ate irekien eguna izango da, eta 13:00etan doako bisita gidatua eskainiko die bertaratzen direnei. Bihar, ...
Gaur ate irekien eguna izango da, eta 13:00etan doako bisita gidatua eskainiko die bertaratzen direnei. Bihar, ostera, zinemaz gozatzeko aukera izango dute doan zinemazaleek. Gernika-Lumoko Udalagaz, kultur etxeagaz eta Zine Klub elkarteagaz elkarlanean, Mohamed Diab zuzendari egiptiarraren Clash filma ikusi ahalko da Lizeo Antzokian. Zinemarako ordua 20:30ean jarri dute.
Horiek Nazioarteko Bakearen Eguna ospatzeko antolatu badituzte ere, Gernika-Lumoko museoak jarduera ugari antolatu ditu udazkenerako. Hala, VII. Nazioarteko Arte eta Bakearen Jardunaldiak ospatuko ditu urriaren 26tik urriaren 28ra bitartean, Memoria eta espazioa hiriko artean lelopean. Gainera, urriaren 28an, Kolonbiatik iritsiko den Cuerpos Gramaticales performancea ere izango da aukeran. Aldi baterako erakusketa ere aldatuko dute, eta Harrizko eta altzairuzko memoriak: Gerra zibilak eta frankismoak Euskadin utzitako biktimen omenezko monumentuak (1936-2016) erakusketa berria jarriko ditu herritarren eskura.
Hainbat izan dira udaran Gernika-Lumoko Bakearen Museoa bisitatu dutenak; zehazki, 17.472 pertsona. Alegia, iazkoagaz alderatuta, 4.200 bisitari gehiago hartu ditu museoak aurtengo ekaina eta abuztua bitartean. Hala, urtarriletik abuztura artean, 36.704 lagun igaro dira museotik, iaz baino 3.198 gehiago, hain zuzen.