Herri guztia dantzan jarriz ospatu dute Marabilli Sormen Festibaleko egun handia Ondarroan
Egun luzea izan da gaurkoa Ondarroan. Aurreko bi egunak ere bete beteak izan badira ere, gaurkoa [urriak 7] ez da motz geratu. Herriko txistularien dianagaz egin dute festarako deia. Goizean, Zubi Zahar herri ikastolako kideek antolatutako erraldoi eta burhandien topaketak kolorez bete du herria, Ibaiondotik Itsasaurrera. 12:00etan Jose Mari Argoitia zine eta kulturgile eta Manuelistari omenaldia eskaini diote Bide Onera zineman. Bertan batu dira bere lagun eta kuadrilakoak, manuelistak, herritar asko eta beste hainbat aurpegi ezagun, Itoiz taldeko kideak esaterako. Omenaldi oso berezia eta sentitua izan da. Ordu berean eman diote hasiera gaztetxean Tontorramendirako igoerari.
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Eguerdian, ekintza askok eta herritar ugarik egin dute bat Itsasaurren. Marabilli jan aurtengo nobedadetako bat izan da, eta horren inguruan batu dira goiz guztian martxan egon diren ekintzak. Pantxo Bedialauneta, Ibon Basterretxea, Karle Beristain eta Gorka Urrestik Aitzol Aramaioren lau lanetan inspiratutako pintxoak eta edari bat sortu dituzte, eta gero jendeak horiek probatzeko aukera eduki du. Eguerdian, Manuelisten bazkarian lehenengo I. Euskal Herriko Sormen Saria eman diote Asisko Urmeneta marrazkilariari. Bere sortzaile ibilbidea saritu nahi izan dute, eta oroigarri legez bere itxurako buruhandi bat oparitu diote.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Arratsaldean, Ttek elektrotxarangak jo du berriz ere, eta 18:00etan Unanue Kamara Koralaren eta Bernardo Atxagaren emanaldia egon da Kofradia Zaharrean; bete-bete egin da aretoa. Iluntzean, Abante zina Aitzol! Ekimenaren barruan ‘Elkarrekin together’ filma eskaini dute Bide Onera zineman. Bertaratu direnei ongietorria emateko, Berriatuko Tarine musika eskolan sortutako Ixura taldeak jo du. Honen atzetik, Jose Mari Argoitiaren bigarren omenaldia hasiko da: Argoitia tribute. Motza eta hunkigarria. Unanue Musika Eskolako kideek Argoitiak Itoiz taldearentzat sortutako Lo egin eta Marea gora abestiak eskainiko dituzte Dantzarteko dantzariek Alde Zaharreko etxeetako balkoietan dantzan egiten zuten bitartean. Egunari amaiera emateko, musika eskaintza zabala egon da. Alde batetik Zea Mays talde bilbotarra eta Dj Elepunto aritu dira Beikozinin, eta bestetik, Los Zopilotes Txirriaos musika mexikarra jotzen duen talde nafarrak ere giro bikaina sortu du Gaztetxean.