Manuelistek eskerrak emanda amaitu da Marabilli Sormen Festibala Ondarroan
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Barikuan arratsaldez egin ziren ekitaldi gehienak. Xurxo Souto idazle galiziarrak bere izate berezia erakutsi zuen Kofradia Zaharreko hitzaldian, bertaratuak abesten eta dantzan jarriz. Musika eskolako ikasleek gainera Rianxeira abestuz egin zioten ongi etorria. Horren osteko Antxon Uskola margolariaren eta Joseba Irazoki abeslariaren margo musikatuak ere jende asko erakarri zuen. Amparanoiaren kontzertu bikanagaz amaitu zen eguna. Egunik garrantzitsuena eta jendetsuena baina, zapatua izan zen. Jose Mari Argoitiari egindako omenaldiak batetik eta kontzertuek bestetik eguna ederto borobildu zuten. Une hunkigarriak bizi izan ziren gainera gauean: Argoitiaren omenaldian Itoizko kideak oholtzara igo zirenean alde batetik eta Zea Mayseko abeslari Aiora Renteriak Ondarroako herriari hunkituta eskerrak eman zizkionean bestetik: «berezia da Ondarroak Zea Mays taldearekiko duen lotura, eskerrik asko!»[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Saria, Urmenetarentzat. Zapatu eguerdian Manuelisten bazkarian eta berak aurretik ezer jakin gabe, Asisko Urmeneta marrazkilariari eman zioten I. Euskal Herriko Sormen Saria, bere itxurako buruhandi bat: «artista plastiko gisa duen kalitateagatik, euskararekiko duen loturagatik eta kultur eragile gisa egin duen lanagatik» erabaki zuten Manuelistek bera saritzea. Domekan, Ondarroa eta Lekeitio arteko bertso desafioa egon zen, gero emanaldiak zineman, eta festibalari Ander Lipus aktorearen ‘Hozkailua’ antzezlanak eman zion amaiera. Bukaeran, Manuelistak igo ziren oholtzara: «eskerrik asko Ondarru!».