Markina-Xemeingo kaleak bete ditu Urriko Azoka Nagusiak
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Animaliek 16 ataletan lehiatu dute, urrixak adin eta egoera erreproduktiboaren arabera (txahalarekin eta txahalik barik) 14 ataletan banatu dituzte, idiskoak, berriz, bi sailetan lehiatu dira. Epaiketa Iparraldeko epaileen lana izan da; Dominique Irigoien eta Jean Pierre Plantek jardun dute aukeraketan. Epaileen arabera, gaurko txapelketako ukuilurik onena Orioko Longa baserriko Jose Angel Zendoiarena izan da, eta bigarren Arrietako Makuleta baserriko Iturbe anaiena gelditu da. Behi urrixa txapelduna, berriz, Azpeitiko Eizmendi baserriko Maite izan da, eta idiskoen txapeldun handia Markina-Xemeingo Illaispe baserriko Hector. Blonda arrazako ganaduagaz gain, eskualdeko abeltzainen 254 buru ere egon dira ikusgai aparkalekuaren bueltan. Behi, idi eta zaldi ilara luzea egon da Zelaibarri aurreko sokan lotuta. Animalia ikusgarriak plazaratu dituzte, gaurkoan ere, eskualdeko ganaduzaleek.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Ekoizleak. Zelaiaren bueltan, berriz, eskualdeko ekoizleen eskaintza zabala egon da. Guztira 64 postu eta era askotako produktuak aukeran. Urtez urte, gero eta ekoizle gehiago dira, gainera, arau ekologikoak jarraituz ekoitzitako produktu ezberdinak saltzen dituztenak. Ekoizleez gain, artisau eta eskualdeko elkarteek egindako eskulanak erosteko aukera egon da; Gorabide eta Izarbidean elkarteetako kideak azokan egon dira besteak beste.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Tarineko Trikipand taldeak eta Iratxe Ibarra eta Andoni Egaña bertsolariek girotu dute azoka gunea, eta iaz bezala, egur eskulturak egin ditu aditu batek motozerragaz, Goiko Portalean. Harrera ona izan du bai eta ere, Leartibai Garapen Agentziak antolatuta Arkupean egin den txakoli eta Idiazabal gaztaren dastaketak. Ardoen lurrinak ezberdintzen erakutsi die parte hartzaileei Mikel Garaizabal enologoak.