Atzo eguerdian [urriak 15] egin zuten elkarretaratze informatiboa Ondarroako Alamedan, eta jende asko hurbildu zen herriko presoaren osasun egoerari buruzko informazioa jasotzera.
Atzo eguerdian Ondarroako Alamedan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Iratz Urkiza
Iparragirreren egoera hil ala bizikoa dela salatu zuten Iparra Galdu Baik plataformako kideek, eta berandu baino lehen aske uzteko eskatu zuten. Bere anaia Gotzon Iparragirrek nabarmendu zuenez, “hari baten menpe dago Ibonen bizia, eta hari hori hain da fina mediku forentseek ere ezin dutela zehaztu bizi esperantza”. Gaineratu zuen edozein infekzioren menpe dagoela bere anaiaren bizia.
Elkarretaratzeak. Egoera honen harira,
Kalera-Kalera ekimenak hainbat elkarretaratze egingo ditu eguaztenean [urriak 18] 19:00etan Hego Euskal Herriko eskualdeetako epaitegien Iparragirreren askatasuna eskatzeko.
Bizkaian, Bilbon, Getxon, Barakaldon, Gernikan eta Durangon batuko dira;
Gipuzkoan berriz, Donostian, Tolosan, Azpeitian, Eibarren, Irunen eta Bergaran;
Araban, Gasteizen, eta
Nafarroan, Iruñean, Tuteran eta Tafallan.
Kalera-Kalera ekimenak zehaztu duenez, gaur egun Ibon Iparragirre aske uzteko erabakia
Castro epailearen eta Alcala Meco espetxeko medikuaren esku dago. Biak dira beraien ustez “presoa jasaten ari den tratu anker eta gizagabearen
erantzule, eta beraiek izango dira Iparragirre lehenbailehen askatu ezean iragarritako heriotzaren arduradunak”.
HONEKIN LOTUTA: