Urdaibaiko hariztirik zabalena sortzeko kanpaina bat hasi dute
Gure basoak gure etorkizuna izenburupean, crowdfunding kanpaina ipini du martxan Lurgaia Fundazioak. Urdaibaiko Biosfera Erreserban egongo den hariztirik zabalena sortzea da aipatu kanpainaren helburua.Muxikako Undabason 31 hektarea erosiko dituzte; 10...
Muxikako Undabason 31 hektarea erosiko dituzte; 108.000 euroko kostua dauka. Baina, momentuz, aurten bete behar duten lehenengo ordainketa egiteko hasi dute crowdfunding kanpaina. 80.000 eurokoa da lehenengo ordainketa, eta 62.000 euro fundazioak duen dirutik jarriko dituzte.
Hain zuzen, 35 eguneko epean 20.000 euro lortu behar dituzte (falta dituzten 18.000 euroak eta 2.000 euro komisio gastuenak). 20.000 eurotan jarri dute lortu beharreko gutxieneko kopurua, eta 37.000 eurotan hobezina.
Momentuz, bost egunetan ia 6.000 euro bildu dituzte: «Nahikoa ondo goaz, eta espero dugu horrela segituz, behar dugun kopurua lortzea».
Bideoa
Kanpainak ahalik-eta oihartzun handiena izateko, bideo bat zabaldu dute, aurpegi ezagun askoren babesa dutela erakutsiz. Hala, besteren artean, Kepa Junkera musikariak, Alberto Santana historialariak, Mercedes Herrera EHUko Landarren Biologia eta Ekologia Saileko kideak, Francis Diez Doctor Deseoko abeslariak eta Juanjo San Sebastian alpinistak egin dute bat kanpainagaz.
Lurgaia Fundazioak hamabost urte daramatza bertako basoak berreskuratzen eta basoen baloreak eta lurraldearen ondasun naturalen aldeko lana egiten. Boluntarioen lanari esker, 2003tik 100.000 zuhaitzetik gora landatu dituzte. Gaur egun, 250 hektarea baino gehiago kudeatzen dituzte.