Mutriku-Deba errepideko lanen hondakinak Laranga auzoan ez botatzeko eskatu du Mutriku Natur Taldeak

Hondakinak Olatz harrobian uztea hobe dela uste dute, harrobiaren auzibidea iraungitze prozesuan dagoela aprobetxatuz

Hondakinak Olatz harrobian uzteko eskaria luzatu dio Mutriku Natur Taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiari, bertako inguruaren mesedetan. Hondakin hauek erauzketa lanetatik eratorritakoak izango dira, eta ez kutsagarriak edo kaltegarriak. Lanak egiten dituzten puntutik bizpahiru kilometrora dago harrobia, eta dagoeneko gizakiak “hondatuta” dagoen leku bat erabiltzeko eskatu dute hondakinak botatzeko, ondo dagoen beste leku bat kaltetu beharrean. Lanen proiektuan azaltzen denez Laranga auzoko Errekaundi gunean utzi nahi dituzte hondakinak, horretarako prestatutako 2.500 metro karratuko gune batean.

Mutriku Natur Taldeak urte luzez borrokatu du Olatz eta San Blas harrobiak behin betiko ixteko. Arno ingurua Garrantzi Komunitarioko Leku bezala izendatua dauka Europar Batasunak eta orain Kontserbazio Eremu Berezia da. Harrobiek Arnoko artadia banatzen dute eta Mutriku Natur Taldea azken urteetan hauen lana bertan behera uzteko eskariak egiten aritu da.

Olatz harrobia. Argazkia: Mutriku Natur Taldea

Olatz harrobia. Argazkia: Mutriku Natur Taldea

Orain, GI-638 errepidearen hobekuntza lanetatik sortutako erauzketen hondakinak bertan uzteko eskatzen dute, bizpahiru urtez harrobien egoeraren inguruan eskatutako informazioa jaso baitute. Urteetan egon dira 4.462 eta 4.461 zenbakidun kontzesioei buruz galdetzen. Bi ziren egindako eskaerak: Olatz eta San Blas harrobien iraungitzea ekar zezakeen auzibidea martxan jartzea iraungitze arrazoi objektiboak zirela eta, eta erabakitakoari buruzko eta auzibidearen inguruko informazioa ematea.

Azken informazio eskaera 2017ko apirilaren 1ean egin zuten eta Eusko Jaurlaritzaren Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak hilabete zeukan Mutriku Natur Taldearen galderei erantzuteko. Epe hau igarota erantzunik jaso ez zutenez, Gardena agentzia sartu zen, Eusko Jaurlaritzaren gardentasuna bermatzeaz arduratzen den agentzia. Honek, 10 egun eman zizkion zuzendaritzari erantzuna emateko.

San Blas harrobia. Argazkia: Mutriku Natur Taldea

San Blas harrobia. Argazkia: Mutriku Natur Taldea

Uztailaren 19an jaso zuen Mutriku Natur Taldeak Eusko Jaurlaritzaren Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren erantzuna. Olatz harrobia ustiatzen zuen enpresak luzapen bat eskatu zuen lanean jarraitzeko, baina eskari hori atzera botatzen ari ziren, ustiatze eskubidearen iraungitzearen aurreko urrats bezala. San Blas harrobiaren kasuan berriz iraungitze prozesua martxan jarria zegoela onartu zuen Jaurlaritzak.

Bi harrobien egoera hau dela ikusirik eta errepideko hobekuntzen proiektua ezagututa, Mutriku Natur Taldeak erauzketen hondakinak Olatz harrobira eta behar izatekotan eta ahal izatekotan San Blas harrobira bideratzeko eskaria egin du. San Blas harrobia erabiltzeko aukera ondo aztertu behar dela aitortu dute, “harrobiko lan tradizionalaren baloreak ikus daitezkeelako bertan oraindik, Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat interesgarriak izan daitezkeenak”. Mutriku Natur Taldeak esan duenez, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak aitortu du Olatz harrobiak hartu dezakeela erauzitako hondakin kopurua, 90.000 metro kubiko inguru. Horregatik, natur taldeak bertan uzteko eskaria luzatu du, horrela ingurua berregitea ahalbidetuko litzakeelako batetik eta artadia zabaldu eta Arnoko Eremu Babestua handitzea ahalbidetuko lukeelako bestetik.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend