Ikasle Abertzaleek deituta, Ibon Iparragirre eta larriki gaixorik dauden gainerako presoak aske uzteko exijitzeko manifestazioa egin dute. Manifestazioa Ondarroako institututik abiatu da, eta Itsasaurre plazan amaitu. Han, mezua irakurri dute. “Gaurko mobilizazioagaz ikasle mugimendu bezala ekarpen bat egin nahi izan diogu Euskal Herrian egiten ari diren hainbat mobilizazio, aldarrikapen eta ekimenei. Izan ere, preso guztiak etxera ekartzeko gizarte zibilaren aktibazioa behar-beharrezkoa dela ikusten dugu”.
Argazkiak: IA
Iparragirreren eta oro har larriki gaixorik dauden presoen egoera “muturrekoa” dela gogora arazi dute. “Ibon eta gainerako presoak kartzelan mantentzeko ahalegin guztiak egiten ari direnek eta horien konplizeek argi daukate noraino heldu diren; euren benetako aurpegia ari dira erakusten”. Hori, hain zuzen ere, Euskal Herrian urteetan jasaten den errepresioaren adibidea dela gaineratu dute. “Euskal Herrian bizi dugun errepresioak ez dauka etenik”. Horren adibide legez, asteon etxe kartzelan larriki gaixorik preso zegoen
Belen Gonzalezen heriotza aipatu dute.
Errealitatearen irakurketa horren aurrean, ondokoa galde egin dute: “Noiz arte edukiko dute Ibon eta gainerakoak kartzelan? Non dago zorokeri honen muga?”.
Ikasleek, gainera, espainiar eta frantziar estatuei agertu nahi izan diete errepresioa darabiltzen bitartean
eraso guztiei aurre egiteko kalean aurkituko dituztela. “Herri mobilizazioa eta gizartearen aktibazioa izango dira gure helburuak lortzeko tresnak, bai euskal preso politiko guztiak etxera ekartzeko eta baita ere gure helburu politiko guztiak lortzeko! Euskal eskola nazionala, nafar estatu sozialista, feminista, euskaldun eta aske baten alde borrokan jarraituko dugu”.
Ekintzagaz amaitzeko, gizarte osoari eta bereziki ikasle zein gazte mugimenduei Iparragirre eta oro har, preso, iheslari eta deportatuen alde
borrokan jarraitzeko dei egin diete.
Argazkiak: IA
Manifestazioaren amaiera, Itsasaurren. Argazkiak: IA