2005az geroztik, zinema munduan jo eta ke lanean dihardu Saioa Larak (1977, Markina-Xemein), jantzi diseinu arduradun modura.
Handia-n egindako lanagatik zapatuan Goya bat eskuratzeko aukera dauka. Pazioz lan egiten duela dio.
Zapatuan Goya Sarietan egongo zara. Inoiz hautagaitzarik jaso barik zeunden?
Bai, Goya Sarietarako hautagaia naizen lehen aldia da. 2011n Malagako jaialdian hartu nuen Jantzi Diseinu Onenaren Saria.
Eta nola sentitzen zara?
Urduri eta desorientatuta.
Zer egin zenuen hautagaietako bat zinela jakin zenuenean?
Senegalen nengoen oporretan, hondartzan. Ez nuen espero eta ezin sinestuta geratu nintzen.
Zure lana balioan jarri dutelako izan da ba.
Bai, bai. Egia esan norbaitek baloratu du, bai.
Zuretzako zer suposatu du Handian lan egiteak?
Gogorra izan da. Fantasiazko zatiak sartu badizkiote ere, ia istorio guztia erreala da, eta horrek dokumentazio lan asko eskatu du. Museoetan, liburuetan… informazio asko jaso behar izan dut; dokumentazio aldetik sekulako lana suposatu du, hilabeteetakoa. Horrez gain, erraldoiaren pertsonaia antzezten zuen aktorea (Eneko Sagardoi) janzteak ere bere zera eduki du. Aktoreak zankoen gainean grabatzen zituen eszenak; arropen azpitik gorputz artifizial bat janzten genion. Nire lanari dagokionez, zailena izan da pertsonaia hori hurrunetik pertsona normal bat bezala ikusi ahal izateko haren arropa guztia egin behar izatea. Pertsonaiari ez zitzaion nabaritu behar arroparen azpitik zer zeraman, eta hori izan da zailena. Horrez gain, 1.000 aktore extra baino gehiago jantzi behar izatea ere ez da erraza izan.
Ez dira gutxi, ez.
Extra horiek guztiak ere arropa aldetik ezberdindu egin behar izan genituen. Batzuk euskal herritarrak bezala (Altzo ingurukoak, Bilbokoak) jantzi genituen. Beste batzuk, Madrilekoak bezala, Lisboakoak, Parisekoak, Ingalaterrakoak… Aktore horiek arropagaz ezberdintzea ere lan handia izan zen.
Zuk lan egin duzun film guztien artean, zailena izan da Handia?
Film bakoitzak bere gauzak ditu. Kasu batzuetan gaur egunean kokatzen den film bat egitea zailagoa da aintzinakoak egitea baino. Baina bai, Handia-k sekulako lana suposatu du. Historiako garai konkretu batean kokatuta dago, eta benetako istorioa da, beraz, ni saiatu naizena izan da ahalik eta errealen egiten. Gogorra izan da, baina aldi berean esperientzia polita izan da. Pozgarria izan da baita ere proiektu honetarako zuzendariak eta ekoizleak nigan konfidantza jarri izana.
Noiz eta zerk bultzatuta hasi zinen zinema munduan lanean? Txikitatik eduki duzu amets hori?
Nik Majisteritza ikasi nuen, pianoa ere bai… Gero, Bartzelonan ikastaro ezberdinak egin nituen, eta modelo agentzia batean hasi nintzen lanean. Eta gauza batek bestera eraman ninduen. Inoiz ez nuen pentsatuko mundu honetan lan egingo nuenik. Behin lagun min batek (Fina Salegi) esan zidan ea zergatik ez nuen probatzen zinema munduan lan egitea. Hala, zineman 2005ean hasi nintzen. Lehenik eta behin arte sailean hasi nintzen, gero produkzioan, eta azkenik jantzi diseinuan probatu nuenean (2006an), konturatu nintzen hori zela gustatzen zitzaidana.
Saioa Lara, ‘Handia’-n lanean. Argazkian, Eneko Sagardoy aktorea janzten.
Ordutik hona, ez zara gelditu.
Ba egia esan, ondo doa!
Horrek esan nahi du zure lanean ona zarela.
Hori besteek esan behar dute. Nik dakidan gauza bakarra da gogor lan egiten dudala. Bai konturatzen naiz nirekin lan egiten dutenek berriro ere deitzen didatela, beraz, suposatzen dut gustura geratzen direla.
Badaukazu bereziki gogoratzen duzun filmerik?
Denak. Film bakoitza esperientzia ezberdin bat da. Hiru hilabetez, 50-60 pertsonekin egunean hamabi ordu pasatzen dituzu, eta ondorioz milaka gauza gertatzen dira. Gauza onak, txarrak— Esperientzia asko bizitzen dituzu. Orain, adibidez, abuztuaz geroztik Madrilen nago. Film bat egitera etorri nintzen, eta hura amaitu eta gero beste batekin hasi naiz orain. Beraz, urte erdi Madrilen emango dut. Duela bi urte Colombian sei hilabete egin nituen bi film egiten. Azkenean, istoria bakoitza urte laurden bat da, eta guztiek uzten dizute barruan zer edo zer.
Eta istorio bakoitzak munduko leku batera eramaten zaitu. Mundua ezagutzen ari zara?
Istorio bakoitzak leku batera eramaten nau, bai. Baina beno, momentuz Suitzan eta Colombian egon naiz bakarrik; Suitzan film bat egin nuen eta Colombian bi. Film gehienak Euskal Herrian egiten ditut. Madrilen, esaterako, orain egiten nagoena zazpigarrena da. Bartzelonan ere pare bat egin ditut.
Aurrera begira zinema munduan lan egiten jarraitu nahi duzu, ezta?
Bai, niri asko gustatzen zait, eta deitzen didaten bitartean horretan jarraituko dut.
Daukazun lanbideagaz, denbora librean film bat ikusten duzunean jantziekin konturatzen zara?
Zinemara joaten naizenean deskonektatu egiten dut. Beti gustatu izan zait zinemara joatea. Beste batzuei diskotekara dantzan egitera joatea gustatzen zaien modura, niri filmak ikustea gustatzen zait, eta hori egiten dudanean guztiz gozatzen dut. Beste kontu bat da film bat egiteko dokumentazioa biltzen ari naizenean bideo zati konkretu batzuk ikusten jartzen banaiz. Orduan bai aztertzen dut (koloreak, jantziak eta abar).
Film baterako deitzen dizutenean, nola hasten zara lanean? Dokumentazioagaz?
Film bakoitza ezberdina da. Lehenik eta behin gidoia irakurtzen dut, eta pertsonaia guztiak imajinatu egiten ditut. Gero, zuzendariagaz berba egiten hasten naiz, eta tratuak egiten joaten gara: berak zer nahi duen, nik zer nahi dudan… Filma zuzendariarena da, berak sail bakoitzari deitzen dio buruan daukan ideiari forma emateko. Egia da zuzendari batzuk bidea garbi uzten dizutela, askatasun osoa ematen dizutela. Beste batzuk ostera, ideia finkoekin etortzen dira, eta zuk haien ideiara egokitu behar izaten duzu. Baina esaten dizut, film bakoitza ezberdina da. Gero, historiako garai kokretu batzuetan girotutako filmen kasuan, dokumentazio lana handia izaten da: arropen formak zelakoak ziren, ze tela mota erabiltzen ziren, zeintzuk kolore, eta abar.
Zuzendari batzuekin, beraz, «borrokatu» egin behar izaten duzu.
Kontua da zuzendari batzuk aurretik eurek imajinatu dituztela pertsonaiak. Azken finean, nire lana ikusleari pertsonaiaren pertsonalitatea arropen bitartez transmititzea da; ikusi hutsarekin azaldu behar dugu hori. Zuzendari batzuk esan egiten dizute: «pertsonaia hau makarra bat bezala jantzita joatea nahi dut», «hau beti gorriz jantzita joatea nahi dut»… Askok, ostera, askatasun osoa uzten dizute.
Zinema munduan lan egitea estresagarria da, ezta?
Oso! Momentu honetan, esaterako, film berri bat grabatzen nago Madrilen. Aktoreak bihar eszena bat grabatuko du, eta horretarako jantzi guztiak ez ditut oraindik; azken momentuan nabil gauzak bilatzen. Berez bi aste beranduago grabatu behar ziren eszena horiek, baina plana aldatu dute. Beraz, galdera hauek erantzuten nagoen bitartean dendetarako bidean noa. Mundu hau horrela da, azken momentuan dena aldatu ahal da. Berez, egunero 11 ordu egon ahal zara lanean, baina jantzien saila eta beste batzuk ordu bat lehenango hasten dira: gauzak jaso egin behar dira, arropa garbitu, aktoreak zikindu duen kamisetaren ordezkoa prest eduki behar duzu… Egunero hamahiru ordu inork ez dizkizu kentzen. Lo egiteko ordu gutxi geratzen zaizkizu. Baina guzti horrek ere bere zera dauka. Gustatzen bazaizu… zaila da gelditzea.
Bai, bai, balantzea positiboa dela esan nahi duzu.
Hori da. Umore onez eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen zara. Eta azken finean, gustatzen zaizuna egiten zaudela pentsatu behar duzu. Egun batzuetan gehiago lo egiten duzu, eta beste batzuetan gutxiago. Baina ni beti saiatzen naiz nire laguntzaileak lagunak ere izatea. Aldamenean lagun bat daukazunean askoz ere hobeto eramaten duzu dena.
Talde berdinarekin funtzionatzen duzu?
Saiatzen gara. Film batzuetan lau izaten gara, beste batzuetan bi… Batzuetan ekoiztetxeek eurek jarri nahi izaten dizute laguntzaileren bat. Baina ni beti saiatzen naiz gutxienez konfidantzazko pertsona bat eramaten. Garrantzitsua izaten da nire alboan daukadana konfidantzazko pertsona izatea. Hala, estresatuta bagaude, barre egin eta elkar ulertzen saiatzen gara. Baina bai, estresagarria da, bai.
Beno, zuk pentsatu zapatuan Goya Sariketan egongo zarela. Eta litekeena dela Goya bat eskuetan hartzea.
Ba agian. Baina niretzako, hautagaia izate hutsa sekulako saria da. Niretzako hau guztia «Handia» izan da, eta betirako edukiko dut gordeta deitu eta hautagaietako bat nintzela esan zidaten momentua. Amagaz joango naiz, eta saria eramatea lortzen badugu ba primeran, eta ez badugu lortzen ere ondo-ondo pasatuko dugu! Eta lanean jarraituko dugu berriro ere gertatzeko!
Zorterik onena opa dizugu. Ondo pasatu, eta jarraitu lanean!
Eskerrik asko!