Lea-Artibai Amankomunazgoak hondakin bilketa sistema berria eskualdeko herri gehinetara zabaldu eta gero, etxebizitzen %70ak edukiontzi marroia (organikoarena) erabiltzeko izena eman du; 6.500 etxebizitzek hartu dute txartela. Horiei, baina, auto edo auzokonposta egiten duten beste 500 etxebizitza gehitu behar zaie. Datu horien aurrean, Lea-Artibaiko EH Bilduk herritarrak zoriondu nahi izan ditu. “Zorionak Lea-Artibaiko herritarrei, itzela lortu duzue eta! Harro egoteko datuak dira”.
Koalizioko kideek esan dute datu horien atzea dagoen
arrazoi bakarra herritarrek erakutsitako konpromisoa dela. “Dena dela, EH Bildutik argi daukagu baita ere ezin garela herritarren konpromisoan oinarritu birziklapen tasa egokiak lortzeko; hondakin politika egoki bat aurrera eramateko
beharrezkoa da erakundeetan lan egitea, herritarrei beharrezko baliabideak eskainiz”. Eta azken urteetan Amankomunazgotik egindako lana horren adibide dela gaineratu dute. “Guretzat ez dauka zentzurik EAJk planteatzen zuen moduan soilik hondakin begetalak biltzeak. Organiko guztia bildu behar da, eta horrela egingo da Lea-Artibain”. Halaber, hurreko esperientziek zein naziortekoek organiko guztia kudeatzea posible dela eta kalitatezko konposta lortzen dela erakutsi dutela gaineratu dute.
Lea-Artibaiko EH Bilduren ordezkariak, Markina-Xemeingo edukiontzien aurrean. Argazkia: Lea-Artibaiko EH Bildu
Dena dela, aurrera begira ere oraindik lan asko dagoela egiteko eta hau “hasiera besterik ez” dela izan diote. “Orain hondakin organikoak behar bezala bereizi eta bildu behar ditugu. Baina baita gainontzeko zatikiak ere”.
Egun, Lea-Artibain hondakinen %30a biltzen da, gutxi gorabehera. “Lea-Artibaiko EH Bildutik badakigu tasa altuagoak lortzeko gai garela, azken hilabeteetako erantzuna ikusi besterik ez dago”. Horregatik,
helburua %70eko birziklapen tasa lortzea dela esan dute. “Hori betetzeko lan egingo dugu, zuekin batera. Lea-Artibain beste haize bat dabil. Erakundeetatik eta herrigintzatik Lea-Artibai burujabe eta jasangarri baterantz eramango duen haize freskoa”.