Urtarril bukaeran Samikolla ermitaren azpiko malda amiltzen hasi zen, eta orduz geroztik Burumendi hondartzara doan bidearen zati bat itxita dago herritarren segurtasuna bermatzeko. Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak adierazi duenez, malda egonkortzeko proiektua idazten dira. Azterketa geologikoa egiteko, hain zuzen ere,
15.000 euro bideratu dira aurtengo aurrekontutik, eta lanak, berriz, iazko gerakinetatik ordainduko dituztela azaldu du Lizardik.
Alkateak, gaineratu duenez, aurrekontua onartu eta “hurrengo egunean bertan” ipini zen proiektuaren arduradunekin harremanetan, proiektua lehenbailehen idazten hasteko eskatuaz. Udal ordezkariak orduz geroztik proiektuaren arduradunekin harremanetan egon dira. “Martxan hasita daudela esan digute, baina ez dakigu zenbat luzatuko den. Orain momentuan proiektua idazten ari dira, eta horrek erakutsiko digu zer jarduera burutu beharko diren gune horretan, eta horien aurrekontua ere”.
Udalak aitortu duenez, gainera, Samikolla azpiko
malda “nahikoa ezengonkorra” da. Urtarrilaz geroztik, tarteka lur gehiago ere amiltzen joan da. “Ez asko, baina pixkaka joan da lurra mugitzen, eta horrekin batera harri batzuk ere erori dira”.
Bertakoak, arduratuta. Udal ordezkariak aipatu dutenez, gaiarekin kezkatuda daude. “Urtarriletik hona nahikoa euri egin du, eta hurrengo egunotan ere euri asko egingo duela aurreikusten da”. Eta udal ordezkariak ez eze, lur jausariaren alboan dagoen etxeko bizilagunak ere kezkatuta daudela azpimarratu du alkateak. “Orain dela urte batzuk beste lur jausi bat egon zen etxe berearen atzean. Lurra egonkortu eta sare dinamiko bat ipini zen etxe atzean, eta, hortaz, etxe atzera amiltzen diren harriak eta lurra, sareak eusten ditu”.
Eta lur jausia etxe ondoan baldin badago ere, etxeari zuzenean kalterik ez diola egingo uste du udalak. “Beheko etxea ez du pare-parean harrapatzen, baina hori ezin dugu ziur jakin,
beti egon leike arriskua eta. Kezka gehien beheko etxeetakoek sortzen digute. Lurra amiltzen bada, lehen egonkortuta dagoen zatiari ere eragin liezaioke eta. Gure aldetik, lur jausiaren eboluzioaren jarraipena egiten ari gara; malda hori egonkortzea da udalaren lehentasunetako bat”.