Boluntarioek Saturraran hondartza garbitu dute, Lea-Artibaiko Eguzkik deituta
Hasiera bateko asmoa Mutrikuko Saturraran hondartzako dunak garbitzea bazen ere, Eguzkikoek esan dute deialdia egin eta hurrengo egunean dunak garbitu zituztela. Beraz, dunetan geratzen zen zakarra garbitu eta azken egunetako itsaso txarrak hondartzara ekarritako zaborra ere garbitu dute. Gutxi gorabehera ordubetez aritu dira 30 boluntario inguru hondartzan hara eta hona, zamar poltsa eskuan hartuta eta eskularruak jantzita; zakarra jasotzeko bestelako gailuak ere erabili dituzte. Hondartzaren inguruak ere garbitu dituzte, bai eta Saturraranen atzeko hondartzetan zegoen zikina ere.
17:00etan zubian batzeko deia egin zuen Lea-Artibaiko Eguzkik. Eta ordu horretarako boluntario gehienak han egon dira. Hasierako azalpenak entzun eta gero, taldeka banatuta hasi dira lanean.
Ekintza amaitu eta gero, Eguzkikoek balantzea egin dute: “Guztira hamabost zamar poltsa inguru bete ditugu. Zabor gehiena plastikoa izan da (zati txikiak eta handiak); kalitate txarreko plastikoa izan da gehien jaso duguna, itsasoak txikitutakoa”. Horrez gain, buia handi bat ere aurkitu dutela esan dute. “Aztikoei abisatuko diegu, ea zerbaitetarako aprobetxatu nahi duten”. Boluntario gehienak Ondarroa, Berriatua eta Mutrikukoak izan dira, baina Oñatitik etorri denik ere egon da.