Kanta propioz osaturiko estreinako diskoa kaleratzear dago Lea-Artibaiko musikariez osatutako Azalera laukotea.
2016ko urte hasieran sortu zen taldea, eta ordutik, disko bat grabatzeko ametsari eutsi diote. Ametsa gauzatu ostean, laster ailegatuko da euren lehendabiziko lana jarraitzaileen eskuetara. Taldeko kideek adierazi dutenez, maiatzaren erdi alderako prest egongo da. “Diskoa osatzen duten kantak grabatuta daude. Asier Badiola dabil nahasketak egiten, eta azken ikutuak amaitzen dituenean lana inprentara ahalik-eta azkarren bidaltzeko asmoa daukagu”.
Beñat Bidegain Lekue ondarrutarraren (gitarra) Urki Gojenola Ibarloza ondarrutarraren (bateria), Jon Lasarte Mujika ondarrutarraren (baxua) eta Lorea Zulaika Arriaga ziortza-bolibartarraren (ahotsa) opera primak taldearen izen bera izango du, eta pop, rock, stoner eta rock esperimentalaren eragin nabarmena daukaten zortzi kantaz osatuta dago. Aurreratu dutenez, abestietako bat baxu hutsagaz grabatu dute. “Sarrera moduan joango da”.
Azalera taldeko kideak, Ondarroan. Ezkerretik eskumara: Jon Lasarte, Lorea Zulaika, Urki Gojenola eta Beñat Bidegain
Lana, hain zuzen ere, Amorotoko Musikorta estudioan grabatu dute, Xabi Navarro Jota-ren gidaritzapean. Kantak, berriz, Asier Badiolak masterizatu ditu. Bi asteburutan grabatu dute lana: bata, iazko udazkenean, eta, bestea, aurtengo udaberrian. “Saio bakoitzean launa kantu grabatu ditugu. Lehenengo aldian ordura arte eginda genituen lau kantak grabatu genituen. Bigarren grabaketa, ostera, beste horrenbeste kanta sortu ditugunean egin dugu”.
Agertu dutenez, gainera, estudioko grabaketa nahikoa era berezian egin dute. “Bakarka eta zatika grabatu beharrean, denok batera aritu gara, inongo klaketarik barik. Modu horretara, soinu gordinago bat lortu nahi izan dugu, emaitza makillatu barik”.
Kontzertu gutxi eman badituzte ere, sare sozialei esker proiektua indartzea lortu dute
Kanten hitzak Lorea Zulaika taldeko abeslariak idazten ditu, askotariko gaien ikutuaz. Kantetako bat, gainera, Musikortako soinu mahai berriari eskaini diote. Izan ere, Xoxoa disketxe ezaguneko MCI JH-636 soinu mahaia izandakoa berritu du Jotak, eta Azalerakoak izan dira bertan grabatu duten lehenengoak. Mahai horretan grabatu zituzten euren lanak, besteak beste, Mikel Laboak, Errobik, Oskorrik, Ruper Ordorikak, Txomin Artolak edo Itoizek. “Kanta sortuta genuen, baina ez zuen hitzik, eta Musikortan grabatzera gindoazela jakin genuenean, Lorea horretan inspiratu zen kanta horren hitzak idazterako orduan. Grabaketa egitera joan ginenean, gainera, kanta hori lehenengo grabatu genuen nahita”.
Diskoa kaleratu ez badute ere, bestalde, eta sare sozialek daukaten garrantziaz jabetuta, aurrerapena sare sozialen bidez eman dute ezagutzera. Kruzigramak, Engainuen mugan eta Hare ale (bideoklip eta guzti) jarraitzaileen eskura ipini zituzten duela bi hilabete, eta pozik daude lortutako emaitzagaz. “Kontzertu gutxi eman ditugu, baina sare sozialei esker harrera ona izan du bideoklipak, eta gure proiektuak ere indarra hartu du”. Gaztea Maketa lehiaketan ere parte hartu dute, eta plataforma horrek ere ezagutzera emateko lagundu die.
Azalera taldeko kideak, Ondarroako oilatokiaren aurrean. Ezkerretik eskumara: Lasarte, Gojenola, Zulaika eta Bidegain
Lehen lanaren gastuei aurre egiteko, bestalde, finantziazio kolektiboaren laguntza behar izan dute. Eta horretarako, 40 egun iraun duen crowfunding kanpaina bat egin dute. Kanpaina maiatzaren 2an amaitu zen, eta lortutako emaitzagaz oso pozik dagoela aitortu du laukoteak.
Jakitera eman dutenez, kanpainan laguntza nahikoa jaso dute, bai ekonomikoki edo beste hainbat zereginetan ere. “Crowfunding-ean guri laguntzen egon diren guztien bultzadak bestelako bizitasun bat ematen digu guri ere. Ez da bakarrik diru kontua, horien guztien sostengua sentitzea berebizikoa dela uste dugu”.
Disko fisikoa kaleratu ahal izateko, beharrezkoa izan dute crowfunding kanpaina egitea
100 bat pertsonen ekarpena jaso dute, eta 1.565 euro batu dituzte. Taldeak, gehienez, 1.500 euro jaso nahi zituen, eta helburu hori beteta, pozik daude. «Kanpainan zenbat jendek parte hartu duen ikusita, oso pozik gaude. Diru gutxiago jasota ere proiektu hau aurrera doa, baina jarritako mugara ailegatzea lorpen handia da. Diskoak jasotzen ditugunean, banan-banan banatzen joango gara ekarpena egin dutenen artean. Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei”.
Azpimarratu dutenez, diskoa “ganoraz” grabatu, nahasketa ondo egin eta disko fisikoa kaleratu ahal izateko, beharrezkoa izan dute crowfunding kanpaina egitea. “Gu azkenean musikari gazteak eta talde hasiberri bat gara, eta holako neurriko proiektu bat aurrera ateratzeko ez dugu nahikoa baliabiderik. Crowfunding-a ezinbestekoa izan da diskoa posible egiteko”.
Lehen lana kaleratu eta gero, berriz, beste erronka batzuei ekiteko desiatzen daude Zulaika, Bidegain, Gojenola eta Lasarte. Uda aldean, esaterako, euren lana ezagutzera emateko hainbat kontzertu ematea aurreikusita daukate. “Euskal Herriko hainbat txokotan kontzertuak emateko asmoa dugu. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hainbat herritan egongo gara”.
Azalera
Euren ametsa egi bihurtzeko, hainbat bidelagun izan dituztela nabarmendu dute. “Bideoklipa Asier Rivera Arantzamendi ondarrutarrak egin digu, Eneko Elezgarai Urkiza mutrikuarraren laguntzagaz. Diskoko kantuetako batean, berriz, Ruben Bernedo Osaren kolaborazioa ere eduki dugu. Eta ezin ditugu ahaztu Hare ale gure lehen bideoklipean aktore eta laguntzaile aritu diren Nerea Iglesias Lili eta Xabi Arbonies”.
Diskoaren azala, bestalde, Beñat Etxaburu Uribe ondarrutarrak egin die. Azaldu dutenez, oso gustura geratu dira Etxabururen ekarpenagaz. «Beñatek ideia batzuk zituen, eta ea zer kolorekin identifikatzen ginen galdetu zigun. Horrez gain, Hare ale kantaren hitzetan inspiratu da azala egiterako orduan».
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.