Azulez eta jendez bete du Ondarroa Zapato Azulak
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Txistulariek lehenengo, eta Kresalako bandak eta Artelango erraldoiek ondoren, animatu dute giroa, eta Dinamartxa bien ailegaeragaz oraindik gorago egin du jaiak. Ondo pasatu arren, falta direnak gogoan hartuta, elkarretaratzea ere egin da Kalekutzean, eta aurten berriro herrian daudenei ongietorria eman diete. Omendua. Urtero, Zapato Azulean, omenaldi bat egiten dio bateren bati Radixu irrati libreak. “Aurten, Iñigo Zabala Arrizabalaga Zapato Azuleko sortzaileetako bat, urteroko Zapato Azuleko kartelen egile, asmatzaile, sortzaile eta bromazale famau” izan dela aukeratua esan du ozen mikrofonotik Nekane Akarregik, pregoia irakurri ondoren. Ezustekoa eraman du Zabalak. Dinamartxako bizikleta ibilbidetik heldu berri, Alaiko balkoira igo da, semeekin batera, jendearen txalo zaparrada jasotzera.
Iñigo Zabala Arrizabalaga, gaurko omendua erdian eta 21. Euskal Herriko Kamiseta Azokako irabazleak: Sara-Itsasuko Ez Kexa eta Ondarruko Danak Etxea! taldeetako kideak.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Kamiseta erosleek ere eduki dute oparia. Guztien artean zozketa egin dute. Horrela, Kantabrikok emandako janariz betetako otzara eraman du Juan Artetxek eta Boga Garagardo sorta Mari Egigurenentzat izan da. Beroaren beroagaz, ekaitza egon da arratsaldean, eta umeen jolasak amaitu barik geratu dira. Hala ere, umeak “pozik” goxokiak bota dizkiete eta balkoitik. Kalekurutzean jo behar zuen Ttek elektrotxarangak ere Plaza Musikan jo behar izan du, eta Alai aurretik bertara bidali dute jendea dantzara. Andrabanda feministak eman ditu azken danbadak. 105.5 FM-n edo Radixu.info-n jarraitu daiteken Ondarroako irrati libreak bere eguneroko funtzionamendua finantzatzeko antolatzen duen jaiak aldaketa bat edo beste izan ditu aurtengo egitarauan; aldatu ez dena Zapato Azulak daukan arrakasta izan da.





















































































































