Herri txikia izan arren, ospe handiko jaiak dira Amorotoko sanmartinak. Bertokoez gain, inguruko eskualdeetatik ere jende asko hurreratzen da, batik bat bariku gaueko kontzertuetara. Piper eta gatza dute amorotarrek, eta jaietara doazenak ere umore horrekin bustitzea lortzen dute.
Berriatuko txirrindulari taldeko ordezkariek irakurri zuten iazko jaien pregoia.
Ziortza Ikaran Zugazaga alkatearen berbetan,
adin guztientzako ekintzak prestatzea zaintzen dute urtero-urtero, eta aurten ere eskaintza zabala egongo da.
Bihar eguerdiko meza eta Arta-Nagusiko dantzarien saioaren ostean, arratsaldeko txupinazoagaz hasiko dira ofizialki jaiak. Txan Txun Txun jaietako protagonistari plazan ondoetorria eman, eta jarraian, ETBko Hauxa2 saioko
Ana Goitiak eta Onintza Enbeitak irakurriko dute pregoia. Saltsera biek euren Watxiniti ispirituagaz beteko dute plaza.
“Jaien hasiera aldatzearren erabaki genuen zer edo zer desberdina egitea, eta azken hiru urteotan horrela egin dugu. Txan Txun Txun-i ongi etorria eman, eta urtero pregoilari desberdinak izaten ditugu”, azaldu du Ikaranek.
Ondoren, eskualdeko bertsolari eta trikitilariek girotuko dute jaia, eta gauean
Gozategiren
eta DJ Bullen doinu alaiek hartuko dute herriko plaza.
Eguenean San Martin bigarrena izango da, batik bat nagusienen eta umeen eguna. Hala,
Goazen telebista saioko kantak abesten eta dantzatzen ariko dira haur eta gaztetxoek, eta saio horretako produktu sortak eskuratzeko aukera izango dute.
Barikuan, berriz, metal doinuak nagusituko dira. Hamaika aldiz Amorotora hutsik egin ez duen Su Ta Gar talde mitikoagaz batera, Ost talde bermeotarra eta Governors arrasatearra igoko dira frontoiko oholtzara. Eta gaua borobiltzeko Trikizioren erromeria izango dute bertaratzen direnek.
Herritarren Eguna. Hala, zapatua izango da amorotarren egun handia. Izan ere, kuadrillen edota herritarren eguna da. Paellak prestatzeko aitzakian batu, eta askotariko jolasak egiten emango dute arratsaldea. Eta gauerako zelan ez, musikaz beteko da plaza.
Bestalde, San Martin jaien azken egunean gazte zein helduek musean eta briskan duten abilezia erakusteko aukera izango dute. Mus txapelketa lehiatzeko bikoteko 15 euro ordaindu behar dira, eta briska txapelketarako 10 euro.
Sariei dagokienez, museko bikote irabazleak txapela eta 200 euro eskuratuko ditu. Txapeldunordeentzat 100 euroko diru saria dago, eta hirugarren sailkatzen den bikoteak 75 euro irabaziko ditu. Hala, laugarrenek ere izango dute saria: 40 euro.
Era berean, briskako bikote irabazleak txapelak janzteaz gain, 150 euro irabaziko ditu. Txapeldunordeek 100 euro, hirugarrenek 50 euro eta laugarrenek 25 euro jasoko dituzte.
Autobus zerbitzuak. Jai Batzordeak antolatuta autobus zerbitzua dago bihar, barikuan eta zapatuan. Eskualdean autobus zerbitzuak ondo funtzionatzen duela nabarmendu du Amorotoko alkateak.
Bihar eta zapatuan, Amoroto eta Lekeitio eta Markina-Xemein lortuko dituen autobusa egongo da. Lekeitiotik 21:30ean eta 22:30ean irtengo da, eta Markina-Xemeindik 22:00etan. Bueltarako zerbitzuari dagokionez, Amorototik Lekeitiora 04:00etan eta 06:30ean egongo da autobusa, eta Markina-Xemeinera joateko 05:00etan.
Barikuan, berriz, Amoroto eta Lekeitio arteko zerbitzua egongo da bakarrik. 21:30etik 07:00etara egingo ditu joan-etorriak autobusak.
Bestalde, Lea Ibarra Mankomunazgoak eta Lea-Artibai Amankomunazgoak eskaintzen duten
Gababus zerbitzua egongo da barikuan. Joan gura dutenek bihar 13:00ak baino arinago eskuratu behar dituzte txartelak, udaletxeetan. Hala, eskualdeko bizilagunek joan-etorria 3 euroren truke egiteko aukera dute.
21:30ean irtengo da Gababusa Munitibarretik; 21:35ean Aulestin egingo du geldialdia, eta 21:40ean Gizaburuagan.
Ziortza-Bolibarren eta Ondarroan 21:30ean dute irteera-ordua, eta Ispasterren eta Mendexan 22:00etan.
Berriatuatik eta Etxebarritik 21:35ean aterako da autobusa, eta Markina-Xemeindik 21:40an pasatuko da.
Itzulerako zerbitzuari dagokionez, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Etxebarri, Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibarrera joateko 02:15, 04:15 eta 05:45ean aterako dira autobusak. Ondarroa, Berriatua, Mendexa eta Ispasterko herritarrentzat 02:00, 04:00 eta 05:30ean irtengo dira.
EGITARAUA:
GAUR
BIHAR, SAN MARTIN EGUNA
- 12:00. Meza nagusia.
- Jarraian. Dantza ikuskizuna Amorotoko Arta-Nagusi dantza taldearen eskutik.
- 18:30. Txan Txun Txun-en ongi etorria eta txupinazoa.
- Ondoren. Triki poteoa Xabat Galletebeitia, Garazi Navarro eta Aitor Toko bertsolariekin eta Nerea Onaindia eta Ainhoa Arostegi trikitilariekin.
- 23:00. Gozategi eta DJ Bull, plazan.
EGUENA, SAN MARTIN BIGARRENA
- 12:00. Hilen aldeko meza.
- Ondoren. Txikiteoa Naiara eta Izarra trikitilariekin.
- 14:00. Hirugarren adinekoen bazkaria, Kultur Etxean.
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 19:00. Goazen karaokea, plazan.
- Ondoren. Goazen -eko produktu sorten zozketa.
BARIKUA
- 22:30. Rock kontzertua, frontoian: Su Ta Gar, Governors eta Ost.
- 02:30. Trikizio taldearen erromeria, plazan.
ZAPATUA, HERRITARREN EGUNA
- 12:00. Meza nagusia.
- 12:30. Kuadrillen arteko paella lehiaketa.
- 14:30. Paellen aurkezpena.
- 15:00. Kuadrillen arteko bazkari herrikoia.
- Bazkalostean. Kuadrillen arteko jolasak.
- 23:00. Sustrajah Band eta Gora Herria taldeak, plazan.
DOMEKA
- 17:00. Mus Txapelketa 4 erregetara, frontoian (izen ematea, 16:15-16:45).
- 17:30. Briska Txapelketa frontoian (izen ematea, 16:45-17:15).