Bere baitarako idazten hasi zen Ainhoa Elordi lekeitiarra. Eta uste uste barik, olerkien bilduma bat argitaratu du. Barikuan [uztailak 20] aurkeztuko du, 19:00etan, Lekeitioko Azkue aretoan.
Zure olerkien bilduma aurkeztuko duzu barikuan, nola sentitzen zara?
Alde batetik, urduri nago, eta beste alde batetik, pozik. Hiru seme-alaba ditut, eta hau laugarren ume bat edukitzea bezalakoa da. Sentsazio arraro bat da, orain arte inoiz sentitu ez dudana. Nire bizipenak edo sentimenduak islatzen ditut olerki horietan. Nire asmoa inoiz ez da izan honaino ailegatzea. Egunak pasatzen joan dira, jendeari gustatu zaio… Zentzu horretatik pozik nago. Urduri egotea ezjakintasunak sortzen dit.
Zuk jo zenuen argitaletxera?
HITZAn argitaratzen diren nire olerkiak sare sozialetan partekatzen ditut, eta nik egiten ez badut, beste norbaitek partekatu izan ditu, mezua heldu zaiolako edo bestelako arrazoi batzuengatik. Egun batean idazle batek irakurri zuen, eta nigaz jarri zen kontaktuan. Olerkiak politak zirela eta bilduma bat argitaratzea inoiz pentsatu nuen galdetu zidan. Nik ezetz erantzun nion. Nire baimenagaz, argitaletxe batera deitu eta bilduma argitaratzeko aukeraz galdetuko zuela esan zidan.
Argi dago argitaletxeak baiezkoa eman ziola…
Handik denbora batera berriro deitu zidan, eta zenbat nituen galdetu zidan. Nik ea zenbat behar zituen esan nion. Ez da gauza bera duela 25 urte idatzitako olerki bat edo gaur egun idatzitakoa. Lehendabizi 70 inguru bidali nituen, eta geroago, beste 20-25.
Asko kostatu zitzaizun aukeraketa egitea?
Ez hainbeste. Zaharren bat tartean bazegoen ere, bidali nituen gehienak azken boladan idatzitakoak ziren. Nik altxor moduko zerbait daukat, eta ez dakit horrek inoiz argirik ikusiko duen.
Zer esan nahi duzu?
Olerki batzuk ditut niretzat oso bereziak direnak. Nire bizitzan aldaketa asko egon dira: haserreak, ulertezinak, momentu oso gogorrak, jausi eta zerotik hasi beharra… Olerki horiek min handia ematen didate. Inoiz irakurtzen ditut, eta oraindik negar egiten dut. Oso pertsonalak dira. Ez dakit inoiz horiek publikoki partekatzeko prest egongo naizen.
Bizipenen bilduma da zurea. Beti idatzi izan duzu zure bizipenen inguruan?
Normalean bai, eta nik bizitakoak ez badira ere, hurrekoenak edo ni ikutu nauten bizipenak izan dira. Baina egiten ditudan olerkiek beti daukate nigaz zerikusia.
Noiz hasi zinen idazten?
Ez naiz gogoratzen. Betidanik idatzi izan dut, esaldi solteak, ipuin txikiak ere bai. Burura etortzen zaizkidan gauzak paperera eramaten ditut. Gaur egun idazten dudana beste norbaitek irakurtzea eta hark zer edo zer sentitzea niretzako sekulakoa da. Kalean geratzen nautenean eta nire olerkiren bat barrura ailegatu zaiela edo eurek ere hori sentitu dutela esaten didatenean oso polita izaten da.
Edonork ulertzeko modukoak direla azpimarratu nahi izan duzu.
Hori beti presente eduki dut. Adin bateko jendeak oraindik ez dauka euskara berria ulertzeko gaitasuna. Nik horiekin guztiekin pentsatuta idazten dut.
Zure apaltasunetik, hurrenera ailegatzen ari zara…
Ba bai, baina horregatik diotsut, ardura handia ere bada. Gauzak lortzea zenbat eta gehiago kostatu, orduan eta gehiago baloratzen direla uste dut. Erraz lortzen dena erraz galtzen da. Niri eta nire inguruko askori asko kostatu zaigu gauzak lortzea.
Bildumak zer nolako arrera edukiko duen ez jakiteak urduri jartzen zaitu?
Urduri baino gehiago ardura handia da. Ez dakit denengana heltzea lortuko dudan eta…
Zu zeu emaitzagaz gustura geratu zara?
Ni bai. Argitaratze hutsagaz pozik nago, imajinatu ere ez nuen egiten eta.
Herritarrei zelan egingo zenieke aurkezpenera joateko gonbitea?
Esan nahiko nieke eurei idatzitako olerkien bilduma bat dela, askotariko sentimenduak biltzen dituena. Eta nire olerkiak irakurriz, ni zertxobait gehiago ezagutzeko aukera edukiko dutela.
Norbaiti eskerrak ematea gustatuko litzaizuke?
Nire familiari. Senarrari eta seme-alabei batez ere, eurak dira egunero nirekin daudenak eta. Eskolako kideei ere bai, haiek ere aguantatu behar izan naute eta.