‘Los 4 gigantes’ film labur dokumentala zuzendu du Arantza Ibarra ondarrutarrak

Vianako (Nafarroa) Erraldoien eta buruhandien konpartsaren enkarguz Los 4 gigantes film labur dokumentala zuzendu du Arantza Ibarra ondarrutarrak. “Lau erraldoi berri sortu dituzte, Cesar Borgia, Carlota de Albret, Sancho VII. Azkarra eta Constanza de Tolosa pertsonaia historikoen erraldoiak, eta horien prozesua jasotzeko dokumental bat egiteko eskatu zidaten”.

23 minutu eta erdiko dokumentalean, gainera, marrazki batzuk ere txertatu ditu Ibarrak, eta lan hori Kaiet Bengoetxea marrazkilari ondarrutarraren esku geratu da. “Erraldoi horien istorioa erakusteko marrazkiak egokiak zirela iruditu zitzaidan, eta Kaietek lau pertsonai horiei buruzko hiruzpalau marrazki egin ditu”.

Arantza Ibarra eta Kaiet Bengoetxea, artxiboko irudian. Argazkia: Arantza Ibarra

Arantza Ibarra eta Kaiet Bengoetxea, artxiboko irudian. Argazkia: Arantza Ibarra

Dokumentalean, oro har, erraldoien sortze prozesua jaso du Ibarrak. “Lau pertsonaiak zelan egin dituzten jasotzeaz gain, konpartsako lau kideren, Telarañas historiazalearen eta erraldoiak egiten aritu diren Aitor Calleja artisauaren eta bere laguntzailearen testigantzak ere jaso ditugu. Egia esan, pertsona asko agertzen dira dokumentalean”.

Lana duela gutxi proiektatu dute jendaurrean, baina berau egiteko prozesua luzea izan dela aitortu du Ibarrak. Iazko urrian lana egiteko dokumentazioa jasotzen hasi ziren, eta, grabaketak, berriz, maiatzean egin dituzte. Muntaia, azkenik, ekainean amaitu dute. “Muntaia nahikoa konplikatua izan da, material asko jaso dugulako”.

Los 4 gigantes film dokumentalaren fotograma bat. Argazkia: Arantza Ibarra

Los 4 gigantes film dokumentalaren fotograma bat. Argazkia: Arantza Ibarra

Lana Vianan bertan aurkeztu zuten lau erraldoiak herritarren artean aurkeztu ziren egun berean. “Aurrestreinaldia ondo egon zen. Jendeari lana gustatu zitzaion, eta konpartsako kideak ere pozik geratu ziren emaitzagaz”.

Aurrera begira, bestalde, lana hainbat jaialdietan aurkeztu nahiko lukeela azpimarratu du zinamagile ondarrutarrak. “Viana Nafarroan dagoenez, Iruñeko Punto de vista dokumentalen jaialdian aurkeztea gustatuko litzaidake, gaia hemengoa dela kontuan hartuta. Eta, zelan ez, Ondarroan ere aurkeztea gustatuko litzadake, bertan bi ondarrutarrek parte hartu dugulako. Geroan, ikusiko da lana non ahal den aurkeztu”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend