Sanantolinei ongi etorri beroa eman diete gaur [irailak 1] Lekeition. Zapatua izanik, asko izan dira jaiagaz gozatu nahi izan duten lekeitiarrak bai eta inguruko herrietako bizilagunak, autobusak beteta heldu dira goizetik.
Urtero bezala, Kuadrillen Bajadagaz hasi dira jaiak. Egun osoan ibili dira jai giroan kuadrillak, eta era guztietako mozorroak aukeratu dituzte lehen egunari kolorea emateko. Lekitto Musika Banda, Txaranga Igandea, Elutxa Txaranga, Iraunkorra eta Aittitta Makurra txarangak alaituta egin dute kuadrillek 33. bajadia dantzan. Ez dute denek plazara ailegatzeko aukerarik eduki; txiki geratu da plaza horrenbeste jenderentzat eta inguru guztiak bete dira jai gogoz zeuden mozorrotuekin.
‘Dei eittekoak’ bota dute aurten jaien hasierako txupina.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak sarrera emanda Dei eittekoa lanbide izan dutenak eta San Pedro jaietan, orain dela 30 bat urte inguru, dei eittekoaren ohitura berreskuratu zutenak bota dute txupina. Udaletxeko balkoia bete dut taldeak, jaiei hasiera ematearen arduradunak izateko aukeragaz “pozik”. Jaietan ondo pasatzeko “deia” ere egin dute.
Txupinak eztanda eginda jaitsi da Antero (Eugenio Zabaleta Gabikagogeaskoa) elizako kanpandorretik eta udaletxearen aurrean eta inguruan batutakoak agurtuta, gozokiak bota dizkie jaiak gozotzeko. Jaietako protagonista helduta, banatu dituzte Bajadako mozorrorik onenen sariak. Nagusien 300 euroko saria Indianoek irabazi dute, umeen saria Induentzat izan da, Tablatu flamenkoak eraman du sari berezia, eta Kitto elkartearen 200 euroko bonoa Moulin Rougerentzat izan da.
Egitarau oparoa. Aurtengoan 130.000 mila euro inguru erabiliko ditu Lekeitioko Udalak jaien programaren baitako 70 ekintzak aurrera eramateko, 2017ko jaietan baino %15 gehiago. Era berean, ekitaldi ugari prestatu ditu bai eta ere Lekittoko Txosna Batzordeak, beraz, ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako datozen egunetan. Kontzertu eskaintza zabala, kultur eta kirol jarduera anitz eta berritasunak ere egongo dira irailaren 8a bitartean, herriko taldeei esker.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.