Langile bat hil da Ondarroako Artabide kaleko 28. zenbakian, laugarren pisutik kalera jausi ondoren. Langilea Soraluzekoa zen, eta etxe batean obran zenbiltzan ezbeharra gertatu denean. Lekukoek adierazi dutenez, obrara beharrezko materialak igotzen ari ziren garabi beso bategaz. Balkoi eta guzti erori dela esan dute lekukoek. Ezbeharra 10:30ean gertatu da, eta Osalan ari da orain lan istripuaren arrazoiak ikertzen.
Aurten, uztailera arte,
20.106 lan istripuren berri eduki du Osalanek. Haietatik 17.806 lan postuan bertan gertatu dira. LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuan hil den 47. langilea da gaurkoa; Bizkaian, 22.a. (Istripu guztiak Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan izan dira).
Lan istripua salatzeko, gehiengo sindikalak deituta,
elkarretaratzea egingo da
martitzenean [irailak 18],
12:00etan, Alamedan.
Ondarroako Udalak, bere aldetik, adierazpena onartu du, atsekabea agertuz langilearen heriotzagatik. Doluminak helarazi nahi dizkie hildako langile horren familiakoei eta lagunei. Bide beretik, zapatua [irailak 15]
dolu eguna deitu dutela jakitera eman dute, eta banderak erdira jaitsiko ditu. Aldi berean, hilaren 18ko sindikatuen deialdiarekin bat egiten duela nabarmendu du. “Auzokideei horietan parte hartzeko gonbitea egiten diegu”.

Lan istripua gertatu den tokia, Artabide 28.