Txirrindulariz bete da Arretxinaga San Migel jaietako bigarren egunean
[ikusi ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA]
Tortillak. Arantza eta Pantxo taldeak eguerdia girotzen zuen bitartean X. Tortilla Txapelketako irabazlea erabaki zuen epaimahaiak. 37 tortilla aurkeztu ziren lehiara eta lehen aukeraketa bat eginda 17 heldu ziren finalera. Guztien gustua, egosi puntua eta itxura kontuan hartuta puntuak eman zituzten epaimahaiko kideek eta jai batzordekoekin batera zenbatu zituzten. Bego Fernandezen tortilla izan zen irabazlea, herriko jatetxe batean bi lagunentzako jatordu bat eta txapela eraman zituen. Tortillarik ez da falta izan Arretxinagan. Aurtengo azpiegitura aldaketak eraginda, tortillak Arretxinagan bertan egitea ezinezkoa zitzaion jai batzordeari, hori dela eta, laguntza eskatu eta tortillak eramateko eskaria egin zuten. Herritarrek erakutsitako eskuzabaltasuna eskertu dute jai batzordekoek. Izan ere, 58 tortilla jaso zituzten zapatuan eta beste 37 domekan.[ikusi ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA]
Umeek gozatzeko moduko eguna izan zen atzokoa. Hortzmuga taldeak June kale antzerkia eskaini zuen arratsaldean, eta ikusleak ere Benito, June eta haren ilobaren abenturen partaide izan ziren. Amaitutakoan, Sustraiak Naturak antolatutako eskulan eta jolasekin olgetan ibili ziren ume eta gazteak eta amaitzeko buruhandien aurrean ibili ziren aringa-aringa. Jaiei amaiera bikaina emateko Txalo Konpainiaren Ergela antzezlana ikusteko aukera egon zen probalekuko karpan gauean, Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktore ezagunekin, eta su eta argi ikuskizunak argitu zuen gaua gero. HONEKIN LOTUTA: Markina-Xemeingo San Migel jaiak usadio zaharren plaza