350 korrikalarik egin dute aringa-aringa Lekeitioko kaleetan zehar
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Lau lasterketa egon dira guztira, eta txikienak izan dira parte hartzen lehenengoak. Abadeen moilan joan-etorria egin dute txikitxoenek eta porturantz luzatu zaie ibilbidea nagusiagoei. Denentzat egon da oparia amaieran: gozokiz betetako poltsatxoa. 12:15ak aldera hasi da 12 urtetik gorakoen krosa. Abadeen moilaren sarreratik hasi dute horiek ere ia 6 kilometroko ibilbidea. Borroka estua egon da lehen hiru gizonezkoen artean eta azken metroetan erabaki dira postuak. Helmugara sartzen lehenengoa Hoosain Kaanache oriotarra izan da, 17 minutu eta 19 segundoko denbora eginez. Segundo bi atera dizkio Arteagako Youness Assehliri (17.19) eta 9 segundo Joanes Goitisolo gernakarrari (17.28). Abantaila handiagoagaz nagusitu da emakumeetan lehenengoa. Inma Ruiz gernikarrak 21 minutu eta 35 segundotan osatu du lasterketa, bigarrena Atxondoko Garazi Sanpedro izan da (21.52) eta hirugarrena Zaldibarko Nora Narbaiza (22.12).[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Lehenengo emakume eta eta gizonezkoak janariz betetako otzara eraman dute sari modura. Horrez gain, opariak zotz egin dituzte parte hartzaileen artean: Santi gozotegiko pastel bi, Errigoraren otzara bi eta Artez fisioterapia zentruko saio bat. Antolatzaileak “oso pozik” gelditu direla azpimarratu dute jendearen erantzunagaz, nahiz eta euria iragarrita egon asko izan dira eta aringa-aringa egitera animatu direnak. Zortea eduki dute gainera, aterri egin du eta azkenean. “Parte hartze handiaren ondorioz, korrikalari batzuk kamiseta barik geratu dira, baina sorta berria egin dugu eta gero banatuko ditugu”, jakitera eman dute antolatzaileek.