Maddi Ibaibarriaga Zubikarai: ‘Kontatzen dena’

Kazetaritza edo antzeko ikasketaren bat egin dugun guztiok, unibertsitateko lehenengo egunetan ikasi genuen esaldi hau: kontatzen ez dena, ez da existitzen.

Gure pentsamendua berbaz edo irudiz osatzen da. Zerbait kontatu ahal izateko berbak, irudiak, usainak edo musika jarri behar dizkiogu buruan daukagun horri. Jarri ostean, besteekin partekatzeko, kontatu egiten dugu. Hor bihurtzen da guretzako bakarrik zena, besteentzako kontakizun. Eta errealitate bihurtzen da besteenganako ere.

Kontakizun horiek iraungo badute, erregistratu egin behar dira. Horretarako, airean pasatu diren berba horiek paperera eramaten dira. Horrela iraungo dute mendez mende, eta kontakizuna gordeko da, historia bihurtu arte.
Gertakariak komunitate batekin konpartitzen ditugu. Eta talde horrek kontakizun berberak konpartitzeagatik hartuko du talde izaera handiagoa.

Maddi Ibaibarriga ZubikaraiOrain dela hamabost urte lagun batzuk buruan zeukaten ideia zoroa berbetara eroan eta elkarri kontatu zioten. Inguruan pasatzen zirenak irautearen alde, gertakari horiek guztiak idazteko hautua egin zuten eguneroko egunkari batean. Talde berekoen kontuak izango ziren, eta talde horrentzako. Horrela sortu zen HITZA: kontatzeko asmoz, irauteko asmoz, iraunarazteko asmoz eta eskualdea batzeko intentzioz.

Hamabost urtean asko ikasi dugu Lea-Artibai eta Mutrikukook elkarri buruz: herrietako mugimenduaren berri eduki dugu, taldeen berri, kultur egitaraua ezagutu dugu, kirol emaitzak, azoketako kontuak, itsasokoak, udaletakoak… Eta paperean zein Interneten jasotakoarekin joan gara elkarren herrietara ekimenen batera, parte hartu dugu eta eskualdea bizi izan dugu. Hitzaren parte ere izan gara: informazioa jaso eta bidali dugu bertara, edo guregana jo dute eskean. Hamabost urtetan, zenbat lagun, ekimen, gertakari edo istorio agertu dira Hitzan? Eta zenbat batu gaitu bertoko herritarrok?

Jarrai ezazue kontatzen. Jarrai ezazue Lea-Artibai eta Mutriku batzen. Jarrai ezazue gu existiarazten. Kontatzen denak egiten gaitu-eta gu. Zorionak eta eskerrik asko!

HITZAren 15. URTEURRENARI LOTUTAKO EDUKIAK:

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend