Nire biharrean hartu dudan esperientziak erakutsi dit lehen hamar edo hamabost urteak behar direla heldutasun profesionalarena iristeko, eta Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZAren ibilbideak horixe bera frogatu du. Heldutasun erabatekora iritsi da zuen bailaran dagoen erreferentzia informatibo nagusia.
Orduko egunkari nazionalak herrietako informazioa jorratzeko pairatzen zuen ezintasun kronikoari buelta emateko, erantzun egoki bat eskaintzeko, abiatu ziren bat bestearen atzetik HITZA proiektuak eta produktuak. Iritsi zitzaion garaia Lea-Artibai eta Mutrikuri, eta bertakoen erantzuna ezin hobea izan zen. «Noiz edukiko dugu gurean beste bailara batzuetan daukaten egunkari lokala?», zen behin eta berriro eskualde horretako eragileek egiten ziguten galdera. Eta galdera hari erantzun egokia eman behar genion denok, galdetzaileek eta galdekatuek.
Jaiotza guztiak dira konplikatuak, nahiz eta aurrekoen eskarmentua eduki. Dena zen berria, bertigoa zegoen proiektuak, eragina edukitzekotan, hartu beharko zuen tamainagatik… Baina, hasierako urduritasun logikoak gaindituta, duela hamabost urte herritar askoren ilusioaren indarrarekin eta konpromisoarekin jaio zen Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA. Badakigu orain zer den eskualdeko informazioa HITZA dagoelako, baina nolakoa izango zatekeen basamortu informatibo lokala HITZA egon ez balitz.
Hamabost urteotako ibilbidea aztertzeko orduan, galde diezaiogun gure buruari zenbatean lagundu duen Hitzak bailara honen gizarte garapenean, zenbat errealitate azaleratu dituen bestela inoiz argia ikusiko ez zutenak, zenbat lagundu duen herritarren konpaktazioan, elkar ezagutzan, herrien konfigurazioan, euskararen eta euskal kulturaren sustapenean, ahotsik gabeko zenbati eman dion ahotsa…
Jende askoren biharraren emaitza izan da HITZA hamabost urteotan, sortzaileak, babesleak, harpidedunak, iragarki erosleak… denak ezinbestekoak, baina bereziki bere onena emanez zure esku irakurle egunero kalitateko produktua jarri duten langileen ahalegina txalotu nahi dut, garai batekoena eta oraingoena.
Zorionak Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA, eta beste horrenbeste osasuntsu bete ditzazula!!!
HITZAren 15. URTEURRENARI LOTUTAKO EDUKIAK: