Markina-xemeindarrarentzat Bizkaiko Bertsolari Txapelketan bere
bigarren finala izango da abenduaren 15ekoa
(Bilbao Arenan, 17:00).
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa jokatu zuten
atzo, Igorreko kiroldegian, eta Ibarzabal
514 puntugaz nagusitu zen. Onintza Enbeita muxikarra sailkatu zen bigarren, 497,5 puntugaz, eta Eneko Abasolo iurretarra sailkatu zen hirugarren, 487,5 puntugaz.
Agurren ostean, bikoteka, zortxiko nagusian, zortziko txikian eta hamarreko txikian jardun ziren. Bakarka, berriz, puntu erantzuneko eta gai berdinari lotutako bertsoak egin behar izan zituzten.
Markina-Xemeingo bertsolariak Enbeitagaz hasi zuen saioa. Zortziko handian saio ederra osatu zuten, bikote harreman batean gurasotasuna izan zuten bertsogai. Zortziko txikian Beñat Ugartetxeagaz aritu zen, kontzertu batean, musikari eta soinu teknikari baten arteko gorabeherak bertsotan jarriz. Hamarreko txikian bildu zituen puntu gehien Ibarzabalek. Oihana Bartragaz espetxe politika eta sakabanaketa izan zituzten hizpide. Kartzelako lanean (puntu erantzun eta bakarkakoa) 188,5 puntu batu zituen. Hain zuzen,
puntu erantzunean, sei bertsolarien artean berak jaso zituen
puntu gehien. Bakarkakoan, gai honi lotutako bertsoak egin behar izan zituzten sei bertsolariek: “
Gaur arte gogor defendatu izan dozu. Orain, zalantza sortu jatzu” . Markina-xemeindarra justizian sinisteari utzi dion emakumearen paperean sartu zen.
Nerea Ibarzabal atzo arratsaldeko finalaurrekoan.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Lekeition, azkena. Zapatu honetan [abenduak 1] lehiatuko dute azken finalaurrekoa, eta orduan argituko da aurtengo finaleko zortzikotea.
Hiru finalaurrekoetako irabazleak zuzenean sailkatzen dira finalera (momentuz Ibarzabalek eta Miren Amurizak lortu dute txartela), eta beste
bost finalistak puntuazioaren arabera sailkatzen dira. Gaur gaurkoz, Xabat Galletebeita lekeitiarra dago puntuazioz lehena, 503,5 puntugaz, eta bigarren Enbeita dago, 497,5 puntugaz. Hain zuzen, aipatu bi bertsolariak 2016ko finalera sailkatu ziren.
Bertsozaleek Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian dute hitzordua zapatuan. 17:00etan hasiko da saioa, eta oholtzara igoko diren sei bertsolarien artean, Busturialdeko bi daude:
Ander Elortegi natxituarra eta Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra (2016ko finalean egon zen).
Aipatu bi bertsolariekin batera, honako hauek ariko dira Lekeitioko finalaurrekoan: Etxahun Lekue (Larrabetzu), Jone Uria (Algorta), Txaber Altube (Abadiño) eta Arrate Illaro (Getxo).
Zapatuko sarrerak zein abenduaren 15eko finalerakoak
www.bertsosarrerak.eus webgunean erosi daitezke. Halaber, zapatuan 16:00etan zabalduko dute txarteldegia.
IGORREKO FINALAURREKOAREN SAILKAPENA:
- Nerea Ibarzabal Salegi 514 puntu
- Onintza Enbeita Maguregi 497,5 puntu
- Eneko Abasolo Txabarri 487,5 puntu
- Malen Amenabar Larrañaga 474,5 puntu
- Oihana Bartra Arenas 467,5 puntu
- Beñat Ugartetxea Ostolaza 460,5 puntu