Pako Solabarrieta Arkotxa (1940, Ondarroa) 2. mailako aurrelaririk nabarmenetarikoa izan zen 1960ko hamarkadan. Bere garaian goleatzaile peto-petoa izan zen. Kirol ibilbide oparoan, Aurrera, Mutriku, Eibar, Sporting, Osasuna eta Tudelano taldeetan jokatzeko aukera eduki zuen, beti ere, 9 zenbakia soinean.
Eibarrek eta Sportingek omenaldia egin zizuten aurreko astean Ipuruan. Zelan joan zen dena?
Primeran joan zen dena. Oso hunkigarria eta ez sinisteko moduko
omenaldia izan zen; inoiz ahaztuko ez dudan momentua. Familiagaz batera joan nintzen, eta omenaldia antolatu dutenei nire eskerrik beroena adierazi besterik ez daukat.
Omenaldian, gainera, Sportingen zugaz batera jokatutakoak ere egon ziren.
Hiru jokalari etorri ziren, garai hartako Jose Carlos Alegria Sportingeko presidente ohiagaz batera. Miguel Angel Montes eta Miguel Angel Alonso jokalariak eta Carlos Garcia Cuervo atezaina. Sekulako ezustekoa eman zidaten, egia esan, ez nuen espero. Zeinek pentsako zuen ba!
Pako Solabarrieta Eibarko urrezko intsigniagaz eskuan
Horrenbeste urte futbol profesionaletik erretiratuta egon ostean, omenaldi bat jasotzeak zer suposatzen du zuretzat?
Omenaldia egingo zidatela baino berri ederragorik ezin nuen jaso. Eibarko zuzendaritza taldekoek alabari deitu zioten, eta horren berri edukitzeak asko hunkitu ninduen. Ezin nuen sinistu.
Ingurukoek zer esan dizute omenaldiaren berri izatean?
Herritar askok eta askok zoriondu naute, eta erakutsi didaten maitasun hori eskertu besterik ez daukat; nire aldetik eta baita nire familiaren partetik ere.
“Aurreragaz partidu bat jokatu behar nuen, baina ez nintzenez aurkeztu, garaiko presidenteak nire fitxa apurtu zuen. Hemen jokatzeko aukerarik ez nuenez, Mutrikura joan nintzen”.
Non hasi zinen futbolean?
Ume-umetatik futbolean ibiltzea oso gustukoa nuen, eta 14 urtegaz Aurreran hasi nintzen.
Eibar moduko bigarren mailako talde batean jokatzeko aukera zelan etorri zitzaizun?
Mutrikun nengoela fitxatu ninduten Eibarrek.
Nola joan zinen Mutrikura?
Nahikoa burugogorra izan naiz beti. Aurreragaz partidu bat jokatu behar nuen, baina ez nintzen aurkeztu. Eta zigor modura, garaiko Aurrerako presidenteak (Anton Idiakez) nire fitxa apurtu zuen, eta hemen jokatzeko aukerarik ez nuenez, Mutrikura joateko aukera eskaini zidaten. Mutrikun nengoela armaginen deia jaso nuen. Han denboraldi bat egin nuen (1961-1962), eta atzera ere Aurrerara jokatzera bueltatu nintzen. 1962-1963 denboraldia oso berezia izan zen niretzat, Aurrera estreinako 3. mailara igo zen eta. Hurrengo denboraldia, ostera, Gijonen jokatzeko fitxatu ninduten.
Eta Asturiasko talde batek zelan izan zuen zure berri?
Lapatza ikuskatzailea laguna genuen, eta potentzial handiko jokalaria nintzela iritzita, Sportingera eraman ninduen.
Sei denboraldi egin zenituen Gijonen, 1963tik 1969era. Zelan gogoratzen dituzu urte haiek?
Oso gustura egon nintzen, etxean bezala. Aitor eta Zuriñe nire seme-alabak hangoxeak dira.
Gol asko sartu zenituen Sportingekin. Ligako eta Kopako 119 partidutan 87 gol sartu zenituen. Partidu edo gol batik gogoratzen duzu bereziki?
Oviedoren aurka jokatu genuen ligako partidu bat gogoan dut. 5-4 irabazi genuen, eta nik lau gol sartu nituen. Realaren aurka jokatu genuen beste neurketa batean beste lau gol sartu nituen.
Pako Solabarrieta Zaldupen
Datuak kontuan hartuta, bederatzi partidutan launa sartu zenituen. Horregatik deitzen zizuten 4×4?
Bai. Ez nintzen oso jokalari ona, baina beti tokirik onenean egoten nintzen atezainaren bueltan gola noiz sartuko zain. Golak edozelan sartzen nituen, buruz, hanka biekin… Hori dela eta,
El rematador total ere deitzen zidaten. Mutrikun, berriz,
Sakito ezizenez deitzen zidaten.
1966-1967 denboraldia bereziki oparoa izan zen zuretzat.
24 gol sartu nituen, eta 2. mailako
Pichichi saria ere eman zidaten. Sekulako denboraldia izan zen; liga bigarren amaitu genuen. 1. mailara igotzeko aukera ere izan genuen, baina igoera fasean Sevillaren aurka ez genuen nahikoa emaitza onik eskuratu.
Zein zen zure jokaldirik gustukoena?
Buelta erdia egitea asko gustatzen zitzaidan; gol asko sartu nituen jokaldi horregaz.
Zergatik utzi zenuen Sporting?
Entrenatzailez aldatu zuten bertan egon nintzen azken denboraldian, eta ez nengoen oso gustura. Egia esan, ez zidan partiduak jokatzeko asko deitzen, eta Ondarroara bueltatu ginen. Osasunak fitxatu ninduen gero, eta han denboraldi bat egin nuen. Gero Tudelanon, eta azkenik, Aurreran amaitu nuen nire kirol ibilbidea.
HONEGAZ LOTUTA:
Ipuruan egindako omenaldia