"Zaintzaren gatazka" izango da Martxoaren 8ko ardatz nagusia
Greba feminista 5 alorren inguruan antolatuko dutela iragarri du Euskal Herriko Bilgune Feministak. Zaintza helburu nagusi bezala hartuta, “bizitza sostengatzeko ardura kolektiboaren eske” arituko direla azaldu dute.
Euskal Herriko Bilgune Feministak bere aldarrikapenak eta oinarri politikoak zehaztu ditu martxoaren 8ra begira. Adierazi dutenez, aurten “zaintzaren gatazka” nabarmenduko dute, eta horrekin batera beste lau ardatz nagusitan banatuko dute greba.
Zaintza helburu nagusi bezala hartuta, “bizitza sostengatzeko ardura kolektiboaren eske” arituko direla azaldu dute gaur (urtarrilak 16) Gasteizen egindako agerraldian: “Zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen zaintza ez dadila zapalduon bizkarrean geratu”.
Etxeko eta zaintza lanetan, “soldatapean zein modu doakoan” ari diren emakumeei indarra eman eta lan horiek azaleratzeko bideak bilatuko dituztela aldarrikatu dute. Hori lortzeko, grebaren antolakuntzan parte hartuko duten kideei “etxeko langileen esplotazioagaz aberasten diren enpresa banpiroak seinalatzera edota administrazioaren arduragabekeriak salatzera” dei egin diete.
Horrekin batera, gizonei ere eskakizun bat egiteko aprobetxatu dute: “Zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatzen diegu”.
Esparru guztietan. Esan bezala, zaintzagaz batera aurtengo grebak beste lau ardatz izango dituela iragarri du Bilgune Feministak. Pentsionista, ikasle, enplegu eta kontsumo greba feminista antolatuko dute, hain zuzen ere.
“Greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean”. Horregatik, martxoaren 8an “patriarkatuak alboratzen” dutenek “erdigunea hartu” egingo dutela aldarrikatu dute, “transen, bolleroen eta emakumeen bizitzak erdigunean” jarri nahi dituztelako.
Greba egiteko bideak. Greban parte hartzeko orduan herritarrek “bide desberdinak” dituztela adierazi dute antolatzaileek. Hala, lantoki eta ikasgeletan greba egiteko deia egin dute bilgunekoek, herri eta hirietako mobilizazioetan parte hartzera animatuz herritarrei.
Ardatzetako bat kontsumo greba izanik, martxoaren 8an ez kontsumitzeko eskakizuna egin dute, kontsumitzen denean ekoizpen eredu bat edo beste sustatzeko boterea dagoela iritzita.
Gainera, zaintza lanak albo batera utzi dituztela irudikatzeko amantalak balkoietan eskegitzeko eskatu dute, baita besoko morea eta txapak ipintzeko ere, “grebarekin bat egiten dela adierazteko”.
Ardatzetako bat kontsumo greba izanik, martxoaren 8an ez kontsumitzeko eskakizuna egin dute: “Kontsumo arduratsu eta jasangarria garatzeko deia egiten dugu. Kontsumitzen dugunean ekoizpen eredu bat edo beste sustatzeko boterea dugulako”. Era horretara “eguneroko normaltasuna apurtu” nahi dute, “hiriak, herriak eta auzoak geldiaraziz”. Komertzio guztiak itxita egotea izango da grebaren helburuetako bat.
Kontsumismoagaz batera, kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari, eta kapazitismoari planto egingo dietela azpimarratu dute. “Emakume, trans eta bollerei antolatzera” dei eginez bukatu dute, “kaleak aldarriz betetzera, bihurriak izatera eta martxoaren 8an planto egin eta kaleak, plazak zein gauak hartzera”.