‘Zazpi orduak’ aurkeztuko du gaur Meabek
Oparo dabil aspaldian Miren Agur Meabe Plaza (Lekeitio, 1962) idazle eta poeta lekeitiarra. Orain egun batzuk bere azkan poesia liburua aurkeztu zuen, eta gaur Zazpi Orduak (Elkar, 2010) bere azkan liburuaren barri emongo du Bilboko Elkar aretoan. Gainera, gazteentzako beste nobela bat be irakurlearen eskuetara ailegatzear dago. Meaberen esanetan Zazpi orduak narrazio handi bat da, «beste hainbeste kopla eta narrazio batzen dituena». Liburuan «sekulako giro herrikoia» igartzen dela dio, Lekeitiogaz erabat lotua. Izan be, herriari buruzko erreferentzia argi-argiak agertzen dira. XIX. mendeko Lekeitio Liburuan, berbetan ez eze, argazkietan be agertzen da Lekeitio. Herriko hainbat bazter agertzen dira, XIX. mendekoak bailira. «Ez da esaten zehatz-mehatz liburuan azaltzen den herria Lekeitio denik, baina Lekeitio izan daitekeela igarri egiten da, izan be, bertoko toponimo asko aitatzen ditut. Lea, Otoio eta Kurtxia moduko tokiak agertzen dira, esate baterako. Irakurleak, tokia zein den esan barik, hala edo hola, zeinetaz ari naizen igar dezake», azaldu du Miren Agur Meabek. Argazkietan be liburuan aitatzen den herria Lekeitio dela antzeman daiteke, baina ez dago oso argi. «Tala ikusten da, Kanpillua be ondo igartzen da, ortuak be agertzen dira, baina eraldatuta ageri dira. Argazkiek elementuak kenduta edo ipinita dituzte. Ez daude gaur egun dauden moduan. Horrez gain, herriko pertsona [...]
Oparo dabil aspaldian Miren Agur Meabe Plaza (Lekeitio, 1962) idazle eta poeta lekeitiarra. Orain egun batzuk bere azkan poesia liburua aurkeztu zuen, eta gaur Zazpi Orduak (Elkar, 2010) bere azkan liburuaren barri emongo du Bilboko Elkar aretoan.
Gainera, gazteentzako beste nobela bat be irakurlearen eskuetara ailegatzear dago.
Meaberen esanetan Zazpi orduak narrazio handi bat da, «beste hainbeste kopla eta narrazio batzen dituena». Liburuan «sekulako giro herrikoia» igartzen dela dio, Lekeitiogaz erabat lotua. Izan be, herriari buruzko erreferentzia argi-argiak agertzen dira.
XIX. mendeko Lekeitio
Liburuan, berbetan ez eze, argazkietan be agertzen da Lekeitio. Herriko hainbat bazter agertzen dira, XIX. mendekoak bailira. «Ez da esaten zehatz-mehatz liburuan azaltzen den herria Lekeitio denik, baina Lekeitio izan daitekeela igarri egiten da, izan be, bertoko toponimo asko aitatzen ditut. Lea, Otoio eta Kurtxia moduko tokiak agertzen dira, esate baterako. Irakurleak, tokia zein den esan barik, hala edo hola, zeinetaz ari naizen igar dezake», azaldu du Miren Agur Meabek.
Argazkietan be liburuan aitatzen den herria Lekeitio dela antzeman daiteke, baina ez dago oso argi. «Tala ikusten da, Kanpillua be ondo igartzen da, ortuak be agertzen dira, baina eraldatuta ageri dira. Argazkiek elementuak kenduta edo ipinita dituzte. Ez daude gaur egun dauden moduan. Horrez gain, herriko pertsona batzuk be figurante moduan agertzen dira argazkietan. Horietako batzuk kanpokoak dira, Santi Rodriguez argazkilari azpeitiarraren lagunak; eta besteak, Lekeitiokoak dira, danak be, antzinako giro horretan jantzita».
Zazpi zatiko epilogoa
Azkan argitaratutako Bitsa eskuetan (Susa, 2010) poema liburua pertsonala, intimista eta gaur egungoa bazen, Zazpi orduak kolektiboa eta beste garai batekoa dela nabarmendu du Miren Agur Meabek. Industriaurreko Lekeitio azaltzen da.
«Liburukoa, oraindik be, ahoz ahoko transmisioa indarrean dagoen garaia da. Honakoa litzateke argumentua: San Joan Eguneko arratsalde batean, Doltza izeneko kontalari bat heltzen da herri horretara, eta orduan, bere ingurura hainbat jende biltzen da ipuinak entzutera. Azkanean, entzuleak be, kontalari bihurtzen dira, eta partaidetza zabaltzen da. Hau da, kolektibitatearen zentzu bat agertzen da liburuan. Pixka bat ahozko kulturaren demokratizazio horixe adierazi nahirik egituratu nuen horrela».
Liburua amaitzeko zazpi zatitan banatutako epilogo «luze eta mamitsu» bat egin du idazleak. Narrazioan erabiltzen dituen teknikak, sinboloak eta arketipoak azaltzen dira. «Ez da liburu errealista, izan be, bertan agertzen diren ipuinak fantasiazkoak dira. Epilogo antzerako hau, gainera, lehenengo bidar egiten dut. Niretzako beste urrats bat da. Hori guztia justifikatzeko egin dut epilogo hau».