Gazteria eta herria aktibatu asmoz, behin behineko gaztetxea martxan da Berriatuan
Berrituako gazte asanbladak behin behineko gaztetxea martxan jarri du. Gazteen arteko komunikazioa eta ezagutza bahalbideratuz, gazteria eta bide batez, herria aktibatuko duten ekintzak egitea dute buruan.
Gazteak bildu, elkar ezagutu eta elkarrekin ekitea. Hori zen gazte asanbladaren helburu nagusienetakoa. Horretarako tresna gaztetxea zela argi zeukaten. Gaur da eguna, gazteak ez ezik, herria ere martxan jartzeko erabili nahi zuten gaztetxea hezurmamitu dela.
Obretako barrakoi bat da behin behineko gaztetxea hartzen duen eraikina. Udalak eskainitako aldi baterako irtenbidea da. Izan ere, asanbladak gaztetxearen beharra udaletxean azaldu zuenetik, Udalak aldeko jarrera azaldu du. «Behin betiko eraikina ere egitekoak dira. Proiektu handia da, eta aurrekontuetan sartzea dagoenean egingo da», diote asanbladako kideek. Behin betiko gaztetxea frontoiaren atzeko aldean dagoen lur eremuan eraikitzea da Udalaren asmoa. Eraikinak bi zati nabarmen izango lituzke: alde baten, gaztetxea jarriko lukete eta beste aldean, udaletxeko gauzentzako gordailua. «Behin behineko gunea emanda, kontuan hartu gaituztela erakutsi digute; laguntzeko prest daudela».
Gaztetxea kanpotik berdez margotu dute, eta haien asmoen berri ematen duen irudia eta esaldia ere jarri dizkiote. Irudia, arraunean ari den gazte talde bat da, eta esaldia ondokoa: elkarlanean norabide berrietan barrena.
Hiru urteko ibilbidea
Gaztetxea, ordea, ez da egun batetik besterako lorpena izan. 2004an, gazte asanblada sortzean, argi zuten gaztetxea beharrezkoa zela herriarentzat, eta hura lortzeko pausuak ematen hasi ziren.
Gazteei zegozkien arazoak ¬etxebizitza, aisialdia, musika…¬ eta herriaren izana eta etorkizuna loturik ulertzen ditu asanbladak. Izan ere, gaztetxea ez dute heriritik isolatuta ulertzen. «Gaztetxeak oso jende ezberdinaren artean dinamikak sortzeko aukera ematen du. Elkarren arteko erlazioa landu eta guztion artean herria bizirik mantentzea da ideia. Eta gaztetxea martxan denetik, asteburuetan bereziki, jende gehiago bistatzen da».
Ekintzak hilero
Gaztetxeak eskaintzen dien azpiegiturari esker, asanbladak hilean ekintza bat burutzeko asmoa dauka.
Uztailaren 31n inaugurazio jaia egin zutenetik, hainbat izan dira aurrera eramandako ekintzak; besteak beste, sendabelar tailerra, mendi irteerak eta bideo emanaldiak. Gainera, Berritxuarrak hortik ziher izenpean, munduan zehar bidiaiatu duten herritarren esperientziak biltzen dituzte.
Aurera begira, ekintza horiei eustearekin batera, Euskara Egunean antzerkia eta umeekin batera beste zenbait ekimen egitea ere pentsatua dute. «Herrian integratutako gunea izan nahi dugu, eta denekin erlazioa izan».
Eskatu eta eman
Gaztetxean «denetzat» lekua egotea da asanbladaren asmoa. Horretarako, bertaratzen direnen behar eta nahien arabera berregituratu dute gaztetxearen barruko aldea.
Berregituraketari esker, aisialdiagaz eta kulturagaz lotutako ekintzak bultzatzea ahalbideratu dute. Esaterako, herriko musika taldeek orain arte eduki ez duten entsegatzeko lekua topatu dute. «Gaztetxe berrian entsegu leku egokiak eta oholtza ere jartzea eskatu dugu».
Asanbladak gaztetxearen gain erabakimen osoa duen arren, Udalak markatutako mugak dituzte. Oinarrian bi dira: elkarbizitzarako oinarrizko arauak errespetatzea eta tabernen ordutegi berarekin futzionatzea (astegunetan 00:00ak arte eta asteburuetan 03:00ak arte). «Momentura arte ez dugu arazo bat bera ere izan. Eta horrela jarraitzea da gure asmoa”.